
|
Herri
bera koloretan
Bizitza koloreduna da, eta Iruñerria biziki koloreanitza da hemen
besteak beste jatorri ezberdinetako euskaldunak biltzen garelako. Euskaldun
zaharrek zein euskararen mundura geroago heldu direnek komunitate anitza
osatzen dugu. Baina oraindik ere topiko aspergarriek eta aurreiritziek
bizirik diraute gurean.
Iruñerriko euskaldunok hausnarketa egin beharko genuke Erriberarekiko
ditugun jarreren inguruan. Gure artean hango lagun euskaldun ugari bizi
arren, badirudi askorentzat Erribera eremu arrotz bezain ezezaguna dela,
euskaltzaletasunaren haziak –gaizki ereinda, akaso- fruiturik
eman ez duen lur antzua. Aginteak marrazten dituen muga faltsuak gure
pentsamoldean islatzen dira nonbait. Hori bai: Nafarroa “galduak”
sentiarazten diguna arintzeko edo, arrazoia emango liguketen argudio
historikoetara jotzen dugu –beste inork behar ez duen antzinatasun
ziurtagiria behar al dugu euskaldunok?- edo erromantizismoaz baliatzen
gara: Lertxundiren kanta zoragarriaz gozatzen duen euskaltzaleak badaki
ikastolak daudela, baina, tamalez, normalean ez zaio gehiegi axola Erriberako
egungo euskal errealitatea.
Euskara gutxiago erabiltzen den Nafarroako aldeetan euskaldunen bizinahiak
sendo dirau, ordea. Eta inolako artifizialtasun kutsurik gabe, gune
horietako euskaltzaleak baitira hizkuntzari arnasa ematen diotenak.
Zeren Erribera ez baita euskararekiko aurkakotasuna ordezkatzen duen
mamua, euskararen herriko kide berriak sortzen ari diren lurralde emankorra
baizik, etorkizun betekoa. Ikastolez gain, euskaltegiak, musika eta
kultur taldeak, hizkuntzari buruzko lanak eta bestelako ekimenak ez
dira bitxikeria sinpatikoak. Garatzen ari den errealitate baten aurrean
gaude, berezko ezaugarriak dituela. Nor bere erritmoaz eta tonu desberdinak
emanez, euskaldun guztiok ari gara koloreztatzen euskararen ortzadarra
Nafarroan.
Ezin uka daiteke Iruñerriko euskaldunontzat ezinbesteko erreferentzia
dela hemen bertan, herri euskaldunenetan edota EAEko hirietan gertatzen
dena. Logikoa da. Baina Erriberari gehiago erreparatuko bagenio, asko
irabaziko genuke. Hemen bezala, hango giro konplexuaren klabeez jabetzea
ikasbide ona da euskalgintzak toki guztietan aurrera egin dezan. Eta
Erriberako euskaldunen gogoaz zipriztintzea bizigarria da: urtean behingo
ospakizunak baino haratago doan ezagutzak gure komunitatea aberastuko
du eta euskararekin harremana izan duten Erriberako lagunak erakartzeko
ahaleginak samurragoak egingo zaizkigu, hona gerturatzen direnean.
Euskarak batzen gaitu eta bere soinuek Nafarroa osoko zeruak zeharkatzen
dituzte, kolore guztietako lurren gainean. Gaur, inoiz baino gehiago,
herri bera gara. |
Argia
ikastola
 |
Duela 18 urte Argia
ikastola sortu zenean helburu garbia bilatzen zuten urrats sendo hori
ematera ausartu ziren gurasoek: euren seme-alabek euskaraz ikasi ahal
izateko zuten legezko eskubidea bermatzea. Euskararekiko maitasuna trasmititu
nahi zieten eta horrela, erabiltzearen poderioz, euskara hizkuntza bizia
bilakatuko zen ondorengo belaunaldietan. Orduz geroztik dexente aldatu
dira gauzak Erribera aldean eta bereziki Tuterako Argia ikastolan. Erriberako
hainbat herritatik joandako 200 haur baino gehiagok ikasten dute bertan
eta hilaren 20an Nafarroa Oinez festa eginen dute. Horretaz guztiaz
solasean aritu gara egun Argia ikastolako zuzendaria den Txusma Azkonarekin.
Noiz eta nola sortu zen Argia ikastola?
1984an, Tuterako Beterri Elkarteko lokala erabiliz sortu zen Argia Ikastola.
Hasiera hartan haur txikien taldetxoa 5 haurrekoa zen soilik. Handik
urte batzuetara, taldea handitzen ari zela ikustean, gauzak formalizatu
(gurasoen kooperatiba sortu, etab.) eta “Vaqueria”-n abiatu
zen ibilbide berria. Horren ondoren, 95eko Oinez egin zen, Vaqueria
utzi eta Fontellasko Ikastola berria eraiki zen, bertan derrigorrezko
hezkuntza ibilbide osoa eskaintzeko asmoz.
Nolakoa da gaur egun ikastolaren egoera? zenbat ikasle eta irakasle
dago? nondik joaten dira ikasleak?
Egoera alegala da, eta bide batez zentzurik gabekoa. Batzuetan existitzen
gara, eta beste batzuetan ez. Magoak sentitzen gara. Nafarroako Gobernuarekin
harremanetan gabiltza gauzak normaliza daitezen, baina euskararekin
eta ikastolekin izaten den jarrera nahikoa ezaguna da eta ez da batere
erraza.
Gaur egun Erriberako herri gehienetatik datozkigun 230 ikasle inguru
ditugu, Haur Hezkuntzan 4 talde (2, 3, 4 eta 5 urtekoak), Lehen Hezkuntzan
6 talde (1. mailatik 6. mailara bitarte) eta Derrigorrezko Bigarren
Hezkuntzan 4 (1. mailatik 4.enera).
Hasieratik eta oztopo guztien gainetik, guraso eta irakasleen
inplikazioa funtsezkoa izan da bereziki Erribera aldean, ezta?
Inplikazioa eta ilusioa ezinbestekoak eta nagusi izan dira urte hauetan
zehar. Bestalde, nahitaezkoak oztopo guztiak gainditu ahal izateko.
Etorkizunean ere hala izanen dela espero dugu.
Urtetik urtera ikasle kopuruak gora egiten duela kontuan hartuta,
zuen ikastolatik nola ikusten duzue euskara, hau da euskaldunen etorkizuna,
Erribera aldean?
Etorkizuna gurea da. Hau da, jendearen jarrera lehen eta orain (salbuespenak
kenduta) ez da berdina, eta urtez urte nabaritzen ari gara. Gurea hazia
ereitea da, eta pazientzia izan.
Hilaren 20an Nafarroa Oinez festa ospatuko duzue. Batzuentzat
egun pasa soila bilakatu da, zer deritzozue?
Nafarroa Oinez egun pasa izatea, dauden ikuskizun aukerak direla eta,
normaltzat har daiteke. Dena den, Erriberak badu beste zentzu bat: Argia
Ikastolak Nafarroa eta Euskal Herria behar dituen bezala, Nafarroa eta
Euskal Herriak Argia Ikastola behar dute, eta jendea izpiritu horrekin
etortzea espero dugu.
Bertan bildutako sosekin zer eginen duzue?
Jasotako sosekin eraikuntza egokitu nahi dugu ditugun beharretara, eta
etorkizunari begira handitzean pentsatu ere bai.
Bukatzeko, egunerako animatzea besterik ez, eta urriaren 20an, 21ean,
22an... eta urte osoan zehar, euskararen alde lana egin behar dugula
ohartarazi.
|