
|
Esnatzeko
tenorean
Uda partean badirudi gizartea lozorro gozo batean sartzen dela. Ez da,
ez, garai onena errealitatea eraldatu eta kontzientziak astintzen ibiltzeko:
suposatu ohi da udako hilabeteek atsedena dakartela eta beraz fisikoki
eta mentalki egunerokotasun zitaletik ihes egiteko aukerez goza-tzea
egokitzen zaigula.
Gizaki askok izaten duten udako hibernazio bitxi hau urte osoan zehar
luzatzen da, ordea. Hala, euskaldunen artean ere nortasun logalearen
zantzuak ikus daitezke: denboraldi batez "euskara" izeneko
jakia irensten joan diren euskaldunez ari gara. eta asebeteta gaudela
uste dugunean erabakitzen dugu nahikoa dela eta "gantz" ho-rrekin
luzaroan bizi daitekeela ezertxo ere egin gabe, har-tzen moduan. Hartzak
gantza galtzen duenean janari bila hasi behar du berriz. Baina euskaldun
orojalearen oina-rrizko jakia euskara ez denez, lozorrotik ateratzeko
beharrik ez duela uste du.
Bada, esnatzeko tenorea heldu zaigu guztioi. Euskara ez baita gure nortasunean
itsatsita daukagun apaingarri soil bat. Hizkuntza egunero biziarazten
gaituen bidaidea da, gure izaerarekin nahaste-raino iristen dena. Baina
zer nolako bizitza du aukera dagoenean euskaraz egiteari uko egiten
dion euskaldunak? Zertan ari gara gure artean ere adierazgarritasun
kontuengatik erdarara jotzen dugunean?
Euskaldungoak hamaika aldiz frogatu du bere ahalmena garatzeko gaitasuna
duela, eta inguruan bide malkartsu lo-eragileak ikusi ditugunean ere
gure ibilbide eta ibilera propioak ireki eta eratzen jakin izan dugu.
Euskarak bizirik dirau gurean, euskaldunok bizi garen seinale. Baina
bizitzak pasioa eta gogoa behar ditu, benetakoa izan dadin.
Esnatzea gure buruekiko konpromisoa hartzea da: euskaraz bizi ahal dugu,
euskaraz bizi nahi dugu. Euskaraz ametsa ez da loarekin nahasten. Ametsak
asmatzea, utopiak topatu eta gauzatzea, hau da gure jarduna. Ahala ere
gurea da. |
Asier
Azpilikueta
 |
Duela urtebete inguru Nafarroako Gobernuak euskal hedabideei
emaniko diru laguntzetatik at gelditu zen Nafarkaria, Egunkariak Foru
lurralderako bereziki prestatu eta ortziralero karrikaratu den gehigarria.
Hala eta guztiz ere, Egunkariak eta irakurleek eginiko esfortzuari esker
aurrera jarraitu du 1991n bere lehenengo urratsak eman zituen proiektu
mamitsu honek. Berriki, ordea, argitaratzeari utzi zaio zama ekonomikoa
handiegia zelako. Asier Azpilikueta Nafarkariako koordinatzailearekin
solastu gara gertatutakoaz.
Uztailaren bukaeran Nafarkaria, ortziraleko gehigarria argitaratzeari
utzi diozue. Nafarroako Gobernuak diru laguntzarik ez du eman eta horixe
izan omen da arrazoi nagusia. Zer gertatu da?
Nafarkaria 1991ko abenduaren 6an sortu zen, Nafarroako Gobernua banatzen
hasi zen diru laguntzen arrimura. Hori ez dugu inoiz ezkutatu. Bederatzi
urtez jaso zuen Egunkariak diru laguntza hori Nafarkaria argitaratzeagatik.
Are gehiago, diru laguntzarik handiena jasotzen zuen hedabidea zen Egunkaria,
Nafarkaria bezalako produktu bati zegokiona, hain zuzen ere. Baina,
iaz, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen Egunkariak ez zuela merezi diru
gehiago jasotzea eta pare bat aldaketa egin zituen diru laguntzen deialdian.
Lehen aldaketak ezartzen zuen diru laguntza jasoko zuenak Nafarroan
izan behar zuela egoitza soziala –Egunkariak Andoainen du, Gipuzkoan-.
Bigarren aldaketak deialditik kanpo uzten zuen euskarazko eguneroko
prentsa, hau da, Egunkaria.
Iazko Nafarkaria guztiak diru laguntzarik gabe karrikaratu zituen Egunkariak,
baita aurtengoak ere. Baina zulo ekonomikoa handiegia zenez, Nafarkaria
gehiago ez ateratzea erabaki zuen Egunkariak.
Zu izan zara gehigarri honetako azken txanpan koordinazio lanetan
aritu zarena, zer balorazio egiten duzu eginiko lanaz?
Nafarkariaren lehen arduraduna Alberto Barandiaran izan zen; ondoren,
Edurne Elizondo egon zen; geroago, Irene Arrizurieta; eta azken hiru
urteetan, ni neu. Hau da, Egunkariaren Iruñeko ordezkaritzan
lan egiten duten kazetari guziak pasatu dira Nafarkariatik. Eta trebaleku
ederra izan da, baita ardura zoraga-rria ere. Baina Nafarkaria Asier
Azpilikuetak gozatu duen zerbait baino gehiago izan da. Nafarroako euskal
idazleen, kazetarien, hitz-juntatzaileen eta iruzkigileen tranpolina
izan da Nafarkaria. Anitz dira ostiraleko gure zortzi orrialdeetatik
pasatu direnak. Horiek guziek beste nonbaiten bildu beharko dute aurrerantzean.
Iaz jakin zen Nafarroako Gobernuak diru laguntzarik ez zuela
emanen, baina hala eta guztiz ere gehigarriak karrikan jarraitu du hainbat
hilabetez. Azkenean, ordea, ezinezkoa izan da aurrera jarraitzea...
Euskara hedabideetan sustatzeko diru laguntzen aurtengo deialdia oraindik
ez da atera (abuztuaren erdialdean dago idatzita hau). Nafarroako Gobernukoak
ezagututa, ordea, bagenekien aurten ere ez genuela dirurik jasoko. Izan
ere, egoitza sozialarena aldatzen ahal zen. Baina bestea ez: deialdian
“euskarazko eguneroko prentsa” esaldiak agertu behar du;
eta ez bada agertzen, Egunkariak ez du batere aukerarik. Gauzak horrela,
eta iazko hamabi hilabeteetan eta aurtengo zazpietan Nafarkaria atera
eta gero, zama handiegia zen honekin segitzeko.
Diru laguntzez gain, akaso irakurle gehiago izatea ere beha-rrezkoa
da horrelako proiektu bat aurrera ateratzeko?
Argi eta garbi erran dezagun: euskarazko hedabideak defizitarioak dira
eta erakunde publikoen diru laguntzak behar dituzte. Nafarkaria ez zen
salbuespena. Are gehiago, diru laguntza zehatz baten gerizpean sortu
zen; eta diru laguntza hori desagertu zelarik, desagertu zen Nafarkaria.
Nafarroak ematen ahal dituen baino anitzez irakurle euskaldun gehiago
beharko lirateke diru laguntzarik gabe eusteko. Jakina, oraindik badira
euskaldun asko euskarazko prentsa zer demontre den ez dakitenak. Baina
horiek guziak bilduta ere, nekez eutsiko ziokeen Nafarkariak.
Azkeneko alean Martxelo Otamendik berak aipatzen zuen Nafarroa ez zela
inolaz ere bazterrean geldituko. Ekimen berriren bat martxan jartzeko
asmorik al dago? Nafarkaria berreskuratzeko itxaropenik?
Lehenbiziko galderari Egunkariak erantzun beharko lioke. Nik dakidala,
ez dago epe motzerako ekimen zehatzik. Dena den, ez dut uste Egunkariak
Nafarroa “umezurtz” uzteko asmorik duenik.
Bigarren galdera erantzutea zailagoa da. Nafarroako Gobernuaren oraingo
bidea inoiz aldatuko den itxaropena dago? Euskal Herriko egoera politikoa
inoiz aldatuko den itxaropena dago? Itxaropena bada galtzen den azkenengoa,
itxaropena egon badago, baina… ufa… aski ongi ezkutatu da.
Akaso, beste zer edo zer sortuko da. Baina nik uste dut Egunkariak ezin
duela bakarrik zama hori bere gain hartu, beste batzuen laguntza beharko
du.
|