
|
Aisia?
euskaraz aise!
Gaur egun lanean ez gaudenean ere lanpetuta gaudela ematen du: etengabe
ari gara gauzak egiten. Batzuetan gure prestakuntza hobetzen saiatzen
gara, beste batzuetan senideekin edota lagunekin egoten gara gure asialdiari
ahalik eta zuku gehien ateratzen... Oporretan ere gure bizitza jarduerez
josita egon ohi da, eta helburu argirik gabeko ekintzen zurrunbiloan
erortzen gara maiz.
Hau egiaren zati bat bakarrik adierazten duen irudi bat da, denok ez
baikara baldintza berberetan bizi: jende askok ez du denbora libre handirik
izaten, edo izanda ere ezin dute beraiek nahiko luketen bezala erabili,
eta badira langabezian daudenak ere. Edozein kasutan begi bistan dagoena
da gure denbora libreari atarramendu hoberena atera nahi diogula eta
aisialdia bizitzeko aukerak gero eta ugariagoak direla.
Aukerak izan badira, baina aisialdian bizi dugun hizkuntza, gure aukera
al da?
Euskaldun askok erdara erabiltzen dute momentu horietako askotan, euskaraz
dauden eskaintzak urriagoak direlakoan edo. Hala pentsatzen duena oso
zuzen ez dabil, ordea, egun euskaraz egin daitezkeen jarduerak inoiz
baino gehiago direlako, eta Karrika honetan bertan adibide ugari aurkituko
duzue
Euskarara jotzeak ez du esan nahi gure aisialdia baldintzatuta geratzen
denik. Alderantziz gertatzen da, aisia euskaraz gozatzeak esperientzia
kilikagarrietan murgiltzea dakarrelako berarekin: lagun berriak egiteko
aukera, ohiko jarduerak bestelako ikuspegietatik bizitzea, hizkuntz
trebetasunak garatzeko ahalmena martxan jartzea... Euskara eta euskaraz
gozatzea, hau bai dela helburu ederra! Ohiturarik ez dutenentzat, euskaraz
aritzea ate eta leiho berriak irekitzea bezala da.
Euskaraz bizi nahi dugun guztiok aisialdia zurekin disfrutatzeko irrikitan
gaude, plazerak eta adiskidetasun goxoak euskaraz ere jarduten dutelako.
Horrexegatik, gogoratu orain eta urte osoan zehar ere lagun euskaldunak
aurkituko dituzula gure elkartean. Betiere aukerarik hoberena pertsonak
baitira.
Nahi duzunean elkar ikusiko dugulakoan, izan oso-oso ongi uda honetan! |
Tony
Grady
 |
“Euskara ezin
da folklore maila batean gelditu, erabiltzen ez badugu museo bateko
erlikia bilakatuko da”
Eskoziako eta Irlandako jatorria du Tony Gradyk, baina sortzez Eskozia
ondoan dagoen Ingalaterrako Newcastle hirikoa dugu, Sting kantari ezagun
bera edota Pet Shop Boys taldeko abeslaria jaio zireneko hiria. Duela
13 urte pasatxo Iruñera etorri zen haize berriak ezagutu eta
lan ezberdin bat aurkitzeko asmoz eta Mikel Laboa eta bertze euskal
kantarien doinuekin liluratuta euskara ikastea erabaki zuen. Ingeleseko
irakasle lanetan aritu da orduz geroztik, baina ez du bazterrean utzi
txikitatik datorkion zaletasun kutuna: pintura. Hainbat erakusketa egin
ditu han eta hemen.
Zer dela eta etorri zinen Iruñera, ezagutzen al zenuen hiria?
Egia esan, ez nuen Iruñea ezagutzen, baina Londresen
bizitzen ari nintzelarik bertan Euskal Herriko altzairu enpresa baterako
lan egiten zuen Bilboko neska bat ezagutzeko parada izan nuen. Bulego
txikia zuten eta noizean behin Iruñea edo Nafarroako bertze tokiren
batekoa zen bere nagusia joaten zitzaion bisitan. Garai horretan estatu
espainiarrera etortzeko gogoa sortu zitzaidan eta Londresen hainbat
urtez bizi ondoren, hiri txikiago batera joatea pentsatu nuen. Nafarroako
lagun honek lana aurkituz gero Iruñea etortzea gomendatu zidan
eta hementxe nabil duela 13 urte.
Hiri ezezaguna eta bi hizkuntza berri, nola moldatu zinen hasieran?
Gogoan dut etorri nintzen urtean, 89an edo, gauza asko gertatu zela
mundu mailan, Berlingo harresia bota zuten esaterako eta hemen ere errealitate
berri bat ezagutzeko aukera izan nuen. Kale istiluak ikusten ziren nonahi,
polizia toki guztietan, kaleko margoak...neretzako oso txundigarria
izan zen hori guztia. Ez nekien zer demontre gertatzen zen.
Hizkuntzei dagokienez, espainera zertxobait banekien -eskolan ikasitakoa-,
baina euskara existitzen zenik ere ez nekien. Euskal musika entzuten
hasi nintzen, Mikel Laboa, Kortatu, Hertzaina edota Ruper Ordorika bertze
batzuen artean eta horien doinuekin liluratuta, kantetan zer adierazten
zen jakinminez, euskara ikasi behar nuela agindu nion nere buruari.
Iruñera heldu eta 6 urtetara Hizkuntza Eskolara joan nintzen,
baina bertan erabiltzen zen irakasteko modua oso gustokoa ez nuenez,
urtebete beranduago edo Arturo Campion euskaltegira joan nintzen eta
hiru ikasturte eman nituen 7. urratseraino iritsi nintzelarik. Gero
utzi egin nuen, baina gaur egun euskal hedabideak jarraitzen saiatzen
naiz eta orain 4 urteko alabarekin praktikatzeko aukera izanen dut.
Baten bat harrituta geldituko zaizu euskara ikasi eta hitz egiteko
gai zarela ikusten duenean...
Amari, esaterako, normala iruditzen zaio eta harro dago bere alabak
hiru hizkuntza hitz eginen dituela ikusten duenean eta niri ere guztiz
normala iruditzen zait herrialde berri batera joaten naizenean bertako
hizkuntzak ezagutzeko ahalegina egitea. Geroz eta haur gehiagok ikasten
du D ereduan eta haientzako oso erraza da hizkuntza ezberdinak ikastea,
beti ere modu egokian irakatsita.
Nire ustez egia da zenbait lagunek hizkuntzaren inguruan eginiko aipamena,
alegia hizkuntza herri baten bihotza edo arnasa dela. Herri honen errealitatea
behar bezala ezagutzeko ez dut uste espainerarekin aski dela, euskara
ezagutu gabe gauza asko gelditzen baitira bidean.
Nola ikusten duzu euskararen egoera?
Politikarekin nahiko nahastua dagoela uste dut. Nafarroako Gobernua
beldur da eta oso jarrera “kosmetikoa” hartzen du; alde
batetik diru laguntzak ematen ditu, baina bertzetik hainbat neurri hartzen
ditu hizkuntzaren garapenari kalte egiten diotenak. Ez dut ulertzen.
Euskara ikastoletan irakastea ongi iruditzen zaie, baina karrikara ateratzea
ez zaie hain ongi iruditzen. Euskara ezin da folklore maila batean gelditu,
zenbait pertsonari gustatuko litzaiekeen moduan, erabiltzeko tresna
da eta horrela egiten ez badugu museo bateko erlikia bilakatuko da.
Horrela bada, edozein hizkuntzarekin gertatzen den moduan berritzen
joan beharko du eta denbora berrietara egokitu.
Artea da zure aspaldiko bertze afizio maitea
Bai eta dagoeneko zenbait erakusketa egin izan ditut Nafarroan barna.
Joseba Sarrionandiaren “Narrazioak” liburuarekin muntai
bat prestatu nuen, artea egiten nuen bitartean euskara ikasteko aukera
izan nuelarik, eta berriki Picassoren “Gernika” lanarekin
instalazio bereziak prestatu ditut teknika ezberdinak erabiliz. Baten
batek nere lanaren berri jakin nahiko balu www.tgrady.freeservers.com
webgunera sar liteke.
|