
|
Karrika
gurea da
Hizkuntza bat normalizatzeko eta berreskuratzeko Txepetxen teoriako
hiru axiometatik batek honela dio: Estatu baten menpean kokatutako hizkuntza
komunitate gutxiagotu bat ezin da, besterik gabe, estatuaren ekimenaren
zain egon (nahiz eta estatuan gobernu edo erregimen aldaketa gertatu)
honek egoera konponduko duelakoan, zeren konponbidea, komunitatea bera
trinkotzetik etorriko baita. Labur esanda, eta gure kasuan, euskaldunok
ez badugu lan hau egiten, inork ez digu egingo.
Trinkotze lan hau bizitzaren esparru ezberdinetan kokatzen da. Txepetxek,
hizkuntzaren funtzioez hitz egiten duenean, besteak beste oinarrizko
bost esparru hauek aipatzen ditu: identitate funtzioa, funtzio familiarra-afektiboa,
funtzio profesionala, funtzio lokala eta funtzio nazionala. Guk, funtzio
horiek oinarritzat hartzen ditugu, hizkuntzak bere funtzioa bizitzaren
esparru guztietan gauzaten baitu.
Bizitzaren lehen esparrua, gutako bakoitzaren identitatea kokatzen den
geure intimitatea da. Hortik hasi behar dugu eraikitzen pertsona aske,
koherente eta heldua, ardura eta erantzukizunei aurre egiteko gauza
izango dena. Indarra bere baitan sortu eta bere nortasunaren gunea eraikitzen
jakingo duen gizakia.
Afektibitateari dagokiona da bigarren esparrua. Kasu batzuetan familia
bidez eta besteetan beste bide batzuetatik bidera daitekeena. Kasu guztietan
heldutasunez, irekitasunez eta maitasunez jokatzera eramango gaituena.
Guk, lehen aipaturiko bost esparruak, Euskararen herritik abiatuta eraiki
nahi ditugu eta modu berean euren bizitzako esparruak eraiki nahian
ari diren herri guztiekin topo egin nahi dugu, aniztasunean eta dibertsitatean
bai, baina berdintasunean oinarrituz elkarlanean eraiki nahi dugun mundua.
Zaldiko Maldiko eta Karrikiri elkarteek identitate eta afektibitate
esparruetan urratsak emateko ekimen berri bat jarri dugu martxan. Elkarlanaren
fruitu hau "Karrika geurea da" izenarekin batailatu dugu eta
zuen parte hartzea ere funtsezkoa izanen da: ekainaren 22an, goazen
denok karrikara! |
Paul
Nicholson
 |
Kutsu guztiz anglosaxoiko
izena duen arren, 5 urte zituenetik Bizkaian bizi da Paul Nicholson.
Lurralde horretako EHNE nekazarien sindikatuko presidentea izan zen
1984tik 1987ra eta 1990etik EHNEko liberatua da. Via Campesina, nazioarteko
nekazari mugimenduaren sorrera eta garapena bultzatu zituen eta gaur
egun mugimendu horren Europako ordezkaria da. Berriki Palestinan ibilia
da bertako baserritarren egoera ezagutzeko eta Arafaten egoitzan hilabete
inguru eman du giza ezkutu gisa.
EHNEko eta Via Campesinako ordezkari gisa joan zinen Palestinara, ezta?
Bai, halaxe da. Via Campesina baserritarren mugimendu internazional
bat da, nekazaritza ereduen defentsan lan egiten duena. Bertan organizaziño
ugari bilduta gagoz eta gure ardatz nagusia solidaridadia, gure arteko
elkartasuna da. Egin izan doguz beste delegaziño batzuk Kolonbiara,
Boliviara, Brasilera eta Indiara. Porto Alegreko bileran erabakia hartu
genduan delegaziño bat Palestinara bidaltzeko, hango baserritarren
elkarteak ezagutu eta euren arazoak zeintzuk ziren hurbiletik ikusteko.
Lurra lantzen duenarena dela erraten du esaera zahar batek,
baina Palestinan ikusi ahal izan duzuenarengatik horrelakorik ez dela
gertatzen konprobatu ahal izan duzue.
Palestinan momentu honetan, baserritarrentzat ezezik, gainerako bizilagunentzat
be oso gai garrantzitsua da lurrarena, ardatz nagusia une honetan Palestinaren
identitatea bizirik mantentzeko. Israeldarrak Palestinarrak haien lurraldeetatik
kanporatzen ari dira; azkeneko urte bietan 500.000 arbola -olibondoak
eta almendrondoak- arrankau dabez eta ez dabe uzten baserritarrei euren
lurrak lantzen, ezta horietatik sortzen dabezen fruituak batzen. Horrek
guztiak krisi egoera bat sortu du eta testigantza hori jasotzeko asmoz
joan ginen gu hara.
Egoera latz honen aurrean -hainbat lagunek genozidio hitza erabili
dute-, giza mugimenduen papera oso garrantzitsua izan dela erran duzu...
Militarrak Palestinara tankeekin sartu zirenean gu betetzera joan ginen
papera guztiz aldatu zen. Momentu horretan gure zeregina ez zen testigantza
hartzea soilik, begirale izatetik mugimendu sozialaren papera betetzera
pasa ginian, modu kontziente batean eta gure borondatez.
Ejerzitoa ospitalera sartu zenean eta, batik bat, guk Arafaten egoitzara
sartzea lortu gendunean mugimendu sozial gisa ari ginen. Argi dago gobernuek,
nazioarteko instituziñoek eta partidu politikoek ez dabela parte
hartu eta gu izan garela lehenengo momentutik Arafat salbatu eta Palestinarren
itxaropena neurri batean mantendu dugunak. Gizartearen presentzia eta
elkartasun politiko mundiala agerian gelditu da.
Hainbat herrialdetako jendea bildu zineten han, ideologia eta
hizkuntza ezberdinekoa, baina, halere, talde trinko bat egitea lortu
zenuten eta ejerzitoari aurre eginik, Arafaten egoitzara iritsi eta
bertan babes ederra eskaini zenioten.
40 lagun inguru bildu ginen, gure artean oso ezberdinak eta ezezagunak.
Denborak aurrera egin ahala, apurka-apurka adostasun bat lortu genduan,
batasun bat. Ez zen erreza izan, baina gerora balio handikoa bilakatu
zen. Metodologia bat onartu genduan (zelan erabakiak hartu, ezberdintasunak
zelan ezagutu eta adostasuna zelan lortu). Neretzako pertsonalki prozesu
interesgarrienetakoa izan zen hura. Oso presente izan genduan beti mugimendu
soziala ginela eta erabakiak kolektiboak izan behar ebela, sekula bez
indibidualak.
Arafat duela zenbait egun aske utzi zuten, baina gauzak ez dira
sobera aldatu. Nola dago momentu honetan hango egoera?
Gauzak ez daude batere ondo Palestinan. Bake prozesuan parte hartzen
ari den zati batek, gobernu israeldarrak, ez du Palestinarren subiranotasunean
sinisten eta ez dabe eskubide hori gura emon. Horrek esan nahi dau aurrerantzean
ere estrategia militarrak jarraituko dabela eta hori bistan da tankeak
oraindik ere hortxe dagozelako. Eta horrela ez dago ezer egitekorik.
Halere, bada kontuan hartzeko gai bat. Orain dela astebete mila bakezalek
manifestazioa egin eben Tel Aviden eta esan beharra dago bertan bizi
den giro belizista ikusirik, balore haundixe duela horrek. Ekimen hori
oso positiboa da, baina oro har gauzak txarto dagoz. Palestinar gizartearen
infraestruktura osoa deseginda dago, diru barik daude eta gosea pasatzen
ari dira. Zerotik hasi beharko dute orain.
Egoera horri nolabait aurre egiteko hiru proposamen egiten dituzue
Lehenik eta behin, Europar Batasunak Israelekin dituen akordio preferentzialak,
komertzialak zein militarrak, moztu beharko lituzke. Israelek dependentzia
ekonomiko haundixe dauka Europako komertzioarekiko eta horri heldu behar
zaio lehenbailehen. Ondoren, Israeleko produktuei boikota egitea ezinbestekoa
da eta azkenik, Palestinako herriarekiko elkartasun zuzena adierazi
behar dugu; hara joanez, bertako jendea ezagutuz, harremanak eginez.
Azken egun hauetan Israelek kanporatutako 13 palestinarren auzia hedabideetan
dugu ikusgai
Errore estrategikoa da palestinar horiek Europan hartzea. Hantxe ez
da haien kontrako denuntziarik aurkeztu orain arte eta ez dago lagun
horiek kanporatzeko inongo arrazoirik. Europara ekarrita Israelek lagun
horiek kanporatzeko eskubidea duela onartzen ari gara.
|