
|
Nafar
era batua
Bertako euskalkiak eta Euskara batuaren artekoa, frankotan erabili den
gaia dugu; eta gehienetan, euskalkiak eta batua elkarren aurkari gisa
aurkezturik. Azken aldian ere, bazterretan dikotomia hori azaldu zaigu,
eta, sarritan den bezala, ez euskalkirik eta ez baturik ezagutzen ez
duen norbaitek azaldu digu.
Nagitsu izaten gara guztiok horren inguruan berriro aritzeko, badakigu;
alabaina, iritziren batzuk helarazi nahi dizkizuegu. Eta, beste jakingarri
eta eztabaidagairen artean, aspektu zehatz baten inguruan aritu nahi
dugu oraingo honetan.
Izan ere, -eta gogora ekarriz aurreko batean esaten genuena, hots, hizkuntza,
Euskara, gu geu garela, eta ez beste inor edo ezer-, hizkuntza orok
bizirik den komunitatean irauten du, eta, komunitatea, hiztun multzoa
edo dena dela, nola bizi den, halaxe biziko da hizkuntza ere. Alegia,
bideragarria den herriak bideragarri izanen du bere hizkuntza, eta hizkuntzak
aitzina egiten badu, herriak aurrera eginen duelako du eginen.
Gurera etorrita, euskalkiak ez dira biziko euskalkidun jendeek bizi
modurik ez badute. Aitortu behar dugu, hortaz, hizkuntza formak eta
bizi moduak elkarrekin loturik daudela. Eta, ondorioz, forma ‘zaharrenak’
desagertuz joanen direla, bizimodu zaharrenak desagertzen diren neurrian.
Zeren eta, bizi diren komunitateek, mundu guztikoek noski, naturalki
egokitzen baitute beren gogo- eta aho-tresna, zeinek bere hizkuntza,
dituen adierazi-beharretara. Euskalkien alde jokatzeak, beraz, eskatzen
du hizkuntza forma horiek baliatzen dituztenek bizi-modu osoa eta integrala
edukitzea, naturalki garatzeko eta beren gisa hizkuntza moldatzeko eta
bilakatzeko.
Orain, guri tokatzen zaigu Euskara gure bizimoduari egokitzea. Berriro
ere, zer Euskara dugun eta izanen dugun, gure esku gelditzen da, gure
aho edo mihiaren baitan, hain zuzen ere. Geuk erabakiko dugu, ezinbestean,
zer nolako bizitza eginen dugun komunitate gisa, zein izanen den gure
nafar era batua. |
Juan
Kruz Lakasta
 |
Kazetaritza ikasketak
Leioan egin zituen eta Eguzki irratian hasi zen lehenengotz mikrofonoaren
aurrean. Orduz geroztik bertze hainbat komunikabidetan aritu da (Egunkaria,
Euskalerria irratia, Nabarra, ETB...) eta bere bizitzako bi urte pasatxo
eman ditu Iruñeko kartzelan intsumitu izateagatik.
Gaur egun Osasunako partidak ematen ditu Euskalerria irratian eta bertze
lankide batzuekin batera zuzentzen duen Metropoli Forala saioarengatik
Argia saria jaso zuen iaz.
UNESCOko Hizkuntzen Batzordeko presidentea den Felix Martí katalandarrak
berriki Iruñera etorri eta hizkuntza guztiek mundua islatzeko
duten ikuspegi propio eta orijinala azpimarratu du. Zer ekarri dizu
zuri euskaraz bizitzeak?
Adibidez sona handiko libelo batek salatu zituen pekatuetako
bat, euskara lanbide bilakatzea. Euskara ikasiz euskararekin zaletu
nintzen, eta idaztea, hitz egitea, hitzekin jokatzea lanbide bilakatu
dut, bilakatu zait. Luxua da.
Eguzki Irratian hasi zinen zure lehenengo kazetari lanak egiten
eta ondotik Egunkaria, ETB eta bertze hainbat hedabidetan aritu zara.
Nola ikusten duzu Nafarroako euskal komunikabideen egoera?
Ikusteko dago Administrazioaren diru-laguntzen murrizketak denborarekin
zer nolako eragina duen. Oraingoz, sasoi onean gaudela esanen nuke,
besteak beste Nabarra aldizkariak eragin duen hobekuntza kualitatiboa
zein kuantitatiboa aintzat hartuz.
Hasi Berriak ETBk ematen duen gazteei zuzenduriko telesaileko
gidoilarietako bat izan zara. Euskara eta gazteak binomioaren arteko
harremana nolakoa da zure ustez?
Heldu den denboraldian telesaila astekari bilakatuko dute. Lan gutxiago
izanen da, eta beraz hainbat elkarrizketagile soberan izanen dira, esaterako,
ni neu. Gazteak-euskara bikoteaz…Bikote gehienek bezala harreman
gatazkatsua dute. Espero dezagun denborarekin amodioa gailentzea.
Ikastolatik pasatako zenbait lagunek handik irten eta euskaraz
hitz egiteko gaitasuna erraz galtzen dute. Zer dela eta? Zerbait esanen
al zenieke?
Inguru erdaldunean bizi garelako gertatzen da hori, gurean gazteleraz
egitea erosoagoa delako, euskara erabili gabe lasai aski bizitzerik
dagoelako. Halakoei ez nieke deus esanen. Nire inguru gertuan halakoak
ikusi ditut, eta ez dut deus esan. Halako predikuek maiz nahi denaren
aurkako eragina izaten dute. Norberak jabetu behar du galtzen duenaz,
irabaz dezakeenaz…
Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioko esataria zaitugu.
Zertan da momentu honetan irratiaren legalizazioaren afera?
Pozten nau galdera hori entzuteak…Ea labur azaltzen dudan, eta
ahal dela ongi. Irratiak bi lizentzia banaketatan parte hartu du. Lehenean,
gobernu sozialistaren garaikoan, irizpideak finkatuta zeuden, baina
baremoa ez. Malguagoa zen. Kontra egiteko zailagoa. Gorenak Gobernuari
arrazoia eman berri dio. Bigarrenean, duela hiru bat urtekoan, irizpideak
zein baremoa zehaztuta daude, eta irregulartasunak nabariak dira. Ea
horren aurkako helegiteek arrakasta handiagoa lortzen duten.
|