
|
Nahitaezko
bihurtu arte
Askotan esan ohi da gizarte honetan ez dela batere samurra euskaraz
bizitzea. Esaten ez dena da bide horretan behaztopa egin behar izaten
dugula besteak beste guk geuk utzitako harrietan.
Berriki plazaratu den datu bat hartuko dugu hizpide. Iaz, Iruñeko
Udalean aurkeztu ziren idazki guztietatik % 0,86 bakarrik zeuden euskaraz.
Aurreko urteetan kopurua bajuxeagoa izan zen. Datuak datu, agerian dagoena
da Iruñeko euskaldun gehienek ez dutela euskara erabiltzen Udalarekiko
harremanetan.
Badakigu administrazioaren jokamoldea ez dela bidezkoa. Kontua da bidean
zailtasunak daudenean kikildu egiten garela: ez dugu gorabeherarik nahi
eta aise ematen dugu amore. Baina jokaera honek euskaldunon eskubideen
aldeko argudioak ahultzeaz gain, gizartearen oreka faltsuari mesede
egiten dio: gure jarrera ahula ikusita erdaldunak eta administrazioak
euskaraz egitera beharturik ez daudenez, badirudi hizkuntz gatazkarik
ez dagoela eta ondorioz "normaltasunez" bizi omen gara denok.
Edonon suma daitekeen portaera hau euskaldun gisa bizitzeko bidean harririk
potoloenetakoa bilakatu zaigu. Hainbat egoeratan euskarari uko eginez
gure izana bera ere ukatzen ari gara, hizkuntza gugandik aparte dabilen
tresna ez nahitaezkoa balitz bezala. Ulertzeko erraza da: ikusgai ez
bagaude, erdaldungoa axolagabe ageriko da gurekin; saihestezinak bagara,
eta gure izaeran irmoki sinesten badugu, besteek ere aintzat hartuko
gaituzte eta ezin izango dute ezaxolarena egin.
Baina adi: egoera honi erraz ematen ahal diogu buelta. Zer dugu gure
alde? Funtsezkoena: gu geu. Gure esku baitago alferkeriarekin bukatu
eta koherentziaz jokatzea. Edozein egoeratan euskaraz egiten saiatzen
bagara bideak zabaltzen jarraituko dugu, gure errealitate ukaezina komunitate
sendo eta erakargarri baten adierazle izanen da eta biharko gizarte
euskalduna gaurko euskaldunon eta erdaldunen ahaleginen bidez gauzatu
ahal izanen dugu.
Etorkizun hori ez da halabeharrezko bilakaera bat, ordea. Euskara nahitaezko
bilakatuko da hemen eta orain bizi garelako eta euskaldun bizi nahi
dugulako, ez besterik. |
Paula
Kasares
 |
Hainbat urtez Baztango
euskara teknikaria izateaz gain, UEUko Soziolinguistika atalaren arduraduna
ere izan da. Azken boladan Kontseiluak sortutako Hizkuntza Eskubideen
Behatokiaren zuzendaria da.
Euskal komunitatearen egoerak kezkatzen al zaitu? Nola baloratzen duzu
egungo egoera?
Bai, gure egoeraren inguruko anitz gauzak kezkatzen nau: euskal
hiztungoak geure hizkuntza bortz erregimen juridiko diferenteren pean
izateak, bertako administrazioak hiztun herri gisa geure biziraupen
soziokulturalerako behar dugunaren azpitik ari direla ikusteak. Herri
euskaldunetan ere euskararen erabilera soziala zer ahula den ikusteak
kezkatzen nau. Kezkak ditut, bai, baina egoerak badu positiboki baloratu
beharrekorik ere, hizkuntzaren aldeko herri mugimendua, batez ere.
Zer egingo zenuke jendearen Euskararekiko motibazioa areagotzeko,
hau da, elebakar erdaldunek Euskaraz ikas dezaten eta elebidunek Euskara
erabil dezaten?
Agian euskara eta bere ingurua erakargarri bihurtzean datza gakoa. Eta
erakargarri bihurtzeko euskaldunok euskararen erabilera soziala berretu
behar dugu, baina horrekin ez da nahikoa, administrazioaren jokaerak
ere aldatu beharra du. Nafarroan berebiziko premia du Nafarroako Gobernuak
bere jokabidea aldatzeak. Aski da Nafarroako berezko hizkuntza honendako
mezprezu eta gutxiespen instituzionalak edo jarrera paternalistak, euskara
egungo bizimoduari egokituta ez dagoen bigarren mailako hizkuntza bezala
azaltzen dutenak.
Normalizazioaren prozesuan zein da administrazioak bete behar
duen papera?
Administrazioak, lehenik eta behin, ez lieke trabarik jarri behar hiztungoaren
nahiari, erreprodukzio soziokulturalari eta hizkuntzaren garapen sozialari.
Hori, bere burua demokratikotzat duen ezein administraziok bederen ez
luke egin behar. Horretaz gain, administrazioak bertako hizkuntza zokoratze
instituzionalaren prozesu historiko baten bidez dagoen egoera bere onera
ekartzen saiatu beharko luke, status ofiziala eman eta horrekin batera
babes instituzional osoa: herritarrek aukera izan dezaten hizkuntza
ikasi, erabili eta gizarte alor guztietan garatzeko. Are gehiago, bertako
hizkuntzak harreman sozialetan lehentasunezko lekua izan dezala saiatu
beharko luke administrazioak. Zergatik? Bertako hizkuntza delakoz, eta
hizkuntzak lehentasun hori bere lurralde propioan ez badu, munduko ezein
tokitan ez du izanen eta lehenago edo beranduago desagertuko da, ezbairik
gabe.
Eta paper hori betetzen ez duenean, zer egin dezakegu?
Eskatu, administrazioaren betebeharra baita hiztungo edo hizkuntz komunitate
gisa geure biziraupen kulturala bermatzeko behar duguna ziurtatzea,
eta egun Euskal Herri osoan dugu euskal hiztungoak geure biziraupena
kolokan. Euskal hiztun berriak horretaz jabetu behar du berez dagokiona
eskatzeko eta horren jabe izanda, presiobideak jorratzeko, euskal hiztungoaren
biziraupen kulturala arriskuan jartzen duten politika baztertzaileak
zuzen ditzala galdetuz. Alde horretatik hizkuntzaren aldeko herri mugimenduak,
hiztungoaren barne antolaketak eta egoerari aurre egiteko estrategia
bateratuak berebiziko garrantzia dute.
Zure ustez, gizartearen antolaketa garrantzitsua al da denon
hizkuntz eskubideak hobeki ezagutu eta defendatzeko? Eta nola eraiki
antolaketa hori?
Gizartearen antolaketa ezinbertzekoa da. Euskal hiztungoak bere egoera
hauteman behar du (hizkuntzaren statusa eta presentzia soziala, hizkuntz
eskubideen egoera), bere buruaren pertzepzioa lortu behar du, autopertzepziorik
gabe besteek (euskal hiztunak ez direnek eta euskararen beharra sentitzen
ez dutenek) egiten duten diagnosia (euskara gutti batzuen gaia da) eta
zabaltzen duten irakurketa (ez da gure arazoa) hartu beharko baitu,
eta horrek ez du euskal hiztungoaren egoeraren hobetzea ekarriko. Autopertzepzio
horretan hiztungoaren antolaketa ezinbertzekoa da erreferenteak ematen
dituelakoz: euskararen aldeko eskaera sozialaren aintzindariak. Nafarroan
euskaldungoaren antolaketa eta bateratzea bultzatu behar da indarra
metatzeko eta gurea den gaia (diskriminatuta gaude) nafar guztiendako
gai bihur dadin (ez dago onartzerik nafar euskaldunak diskriminatuta
egotea). Gutti garen nafar euskaltzaleen gaia Nafarroa osoaren gai bihurtzen
dugunean soilik emanen dio gizarteak gure egoerari behar duen irtenbidea.
Horretarako geure burua antolatu behar dugu eta Behatokiak, bere esparruari
dagokiolarik, lagundu, babestu eta sustatu eginen ditu euskarazko eskaera
soziala areagotzea eta egituratzea xede duten herri ekimenak.
Nola eragingo zenuke nazioarte mailan euskararekiko babesa lortzeko?
Hizkuntz eskubideen Behatokiak Euskal Herriko herritarren hizkuntz eskubideen
arazoa nazioartekotzea du bere lan ildoetako bat, hemen dugun egoeraren
berri ematea ere berau aldatzeko presiobidea delakoan. Txostenak prestatu
eta eraman izan ditugu nazioarteko foru ezberdinetara. Gutxiengo Hizkuntzetarako
Bulego Europarrean eta Erregioetako eta Gutxiengoen Hizkuntzen Europako
Itunaren jarraipenerako aditu taldean ederki asko ezagutzen dituzte
Nafarroako Gobernuak herritarren hizkuntz eskubideen kontra egin eta
egiten dituen lege murrizketak. Eta murrizketa horiek nazioarteko foruetan
gutxiengoen babeserako hartu diren irizpide guztien kontra daude. Beraz,
babesa lortuta dago, baina erdietsi beharrekoa dena da, Nafarroako administrazioak
bere jardunbidea zuzentzeko gomendioak ez ezik, Europako erakundeen
benetako neurri lotesleak ere.
|