
|
Txanpon
baten truke?
Pentsatuko duzue topiko hutsean erori garela, hamaika aldiz errepikatu
dena besterik ez dakargula hona, astun samarrak garela ere…, baina
karrikan hauxe ohi da gaia aspaldi honetan, areago egunotan ere, eta
Karrikan agertzea egokitu zaigu. Izenik eman gabe ere, izenburuagatik
badakigu denok zertaz ari garen.
Izan ere, moneta aldaketa ukitzen gaitu guztiok, azaletik muinera, nahi
eta nahi ez, are sakelaraino ere…! Tira, zenbateraino orain artekoa
irauli zaigun, gure bizitzan aldaketa handia gertatu dela esaten baita.
Baina, norberarengan zer aldatu den ikustera mugaturik, psikologoek
zera diote, kontuak egiteko ahalegin berezia egin beharra dugula, eta
txanponetik txanponera pasatzea hizkuntza batetik bestera pasatzea bezalakoa
dela ere esan digute. Hori esagerazioa izanik ere, uste dugu une batez
pentsatzeko parada ematen digula.
Jakin badakigu kontatzeko era, diruaren proportzioak, berriak ditugula
orain, eta ahalegin berezia, handia askotan, egin beharra dugula, ohitu
artean behintzat. Eta, hasieran pixka bat kostatzen badu ere, berdin
dakigu laster beste erremediorik ez dugula izanen. Eta onartu egiten
dugu gainera. Ez du inork ahotsik altxatzen, ez du inork aurka egiten.
Denok eginen dugu beharrezko ahalegin hori, lehengoari utzi eta sistema
berriari atxikitzeko.
Eta, egia balitz txanponaren aldaketa eta hizkuntza batetik bestera
pasatzea berdintsuak direla? Esfortzu antzekoa egin beharra dagoela
bi kasuetan? Hala balitz, zergatik hainbeste buruhauste izaten dugu
hizkuntza batean ohiturik gaudela eta bestean ez gaudelako? Horrenbesteko
ahalegina da hizkuntza ohitura aldatzea?
Euskaldunon artean, askotan aditu izan ditugu gisa horretako aitzakiak:
"errazago zait...", "halako hizkuntzan ezagutu genuen
elkar...", "gauza horiek esateko hobe gaztelaniaz". Ahaleginak
egiteari ihes egiten diogu erraz asko. Eta esaten ari garen honek, gutxi
edo asko, guztiontzat balio lezake inoiz. Moneta berrian denok moldatuko
gara lehenago edo geroago; eta, ez al du merezi gure hizkuntzan oraindik
egiten ez ditugun gauzak Euskaraz egiten hastea? Bestela, hala joanen
zaigu denbora, ohitura zaharrari eutsita? Hizkuntza ez al dugu horrela
saltzen, txanpon merke baten truke? |
Asisko
Urmeneta
 |
Marrazkilaria,
bidaiari amorratua, parrandazalea, euskal kulturaren zirikatzailea…saltsa
askotako perrexila dugu Asisko Urmeneta. Hainbat aldizkari eta hedabidetan
kolaboratzaile gisa aritzeaz gain, elkarte eta talde aunitzendako irudiak
egin izan ditu, baita bertzelako proiektuak bideratu ere. Iparraldeko
lagun baten baserrian eman ditu azkeneko hiruzpalau hilabeteak eta hiriko
buruhausteak alde batera utzita, kaka biltzen patxada ederrean pasa
ditu hainbat ordu. Berriki karrikaratutako "Mantxut" eta "Mantxut
Mantxut", euskal argota lantzen duten liburuen egilea dugu.
Euskal komunitatearen egoerak (euskaldunon komunitatea)
kezkatzen al zaitu? Nola baloratzen duzu egungo egoera?
Euskal komunitatea –hemendik goiti Mintzaidegoa- urria da, barreiatua,
sasiofiziala/ez ofizialdua/ legez kanpokoa; ez dugu elebakarrik, eta
hiztunen ehuneko handi bat analfabeto funtzionala da. Kezkatzekoa ez
bada...
Gainera kolonizatzaileen erasoa biderkatu egin da azken honetan, eta
egia erran, oso sparring ahula eman dugu. Hostia guziak bildu, guti
itzuli, eta botileroa langabeziara dugu igorri.
Etsia ere somatu dut lehendikotz gure artean. Fanonek eta, badute izkiriaturik
kolonizatuen frustrazioez. Ezinduraz. Eta horrekin guziarekin aski ez
genuela, profezia lazgarriak ere entzun ditugu ezker eskuin, eta apostuak
egin dira ea noiz estingituko garen.
Eta ez da goxo galtze arriskuan den animalia sentitzea. Eta sakabanatua.
Eta ehizatua.
Zer egingo zenuke jendearen Euskararekiko motibazioa areagotzeko,
hau da, elebakar erdaldunek Euskaraz ikas dezaten eta elebidunek Euskara
erabil dezaten?
Erran nezakeen guzia ederki adierazia du Txepetxek hiru godaleten teorian.Zerbait
gehitzekotan,Umorea eta Bidaia aipatuko nituzke. Umorea arras lubrifikante
ona baita hiru ontzien arteko lasterra errazteko, trabak deuseztuz.
Eta ezinago osagarria herri txiki(tu)endako.Eta kritikabide eraginkorra
botere krudel ororen kontra.Ironiarik gabeko boluntarismoa, erlijioa
baita. Bidaia fisiko edo birtuala, bertze errealitate batzuk ezagutzeko.
Nola pasatu da frantsesa hirugarren hizkuntza izatera,nagusi izatetik
Flandria hurbil horretan? Eta bi belaunalditan!Nola berpiztu dute juduera?Zergatik
da Sao Tomeko kreolera munduko mintzairarik aldakorrena?Zer da mintzaidegoaren
osasun-hesia?Zenbat adiskide duzu Iparraldean? Funtsean, ibili, gozatu,
ez etsi eta indarrak bildu, bide luze eta eder hau konpainia onean kurritzeko.
Goizeko 11etatik gaueko "X" arte zein
hizkuntza erabiltzen duzu?
Laneko Euskaraz, sexuko Euskaraz, haginlariarekin Euskaraz,
amarekin Espainieraz, Asegurantza Sozialeko mirikuarekilan Espaineraz,
pisukideegaz Euskeriez, sarean Ingelesa/Euskara/Portugesa/Espainiera/Frantsesa
eta Japoniera ttintta bat, moxkorraldian Frantsesez, koinateekin Espainolez,
irakurgaietan Euskara nagusi, zineman Frantsesez eta Espainieraz, musika
Ingelesez eta Euskaraz, irratia Euskaraz baizik, ametsetan denetarik...
Zure zutabeetan hizkuntzarekin jolasten duzu. Komunikatzeko orduan,
ez al da handiegia idazle eta irakurlearen arteko jauzia?
Irakurlearen arabera. Adibidez, zera idazten badut:Durangoko azokan
Lertxundiren diska eta Evaristoren liburua erosi ditut, eta kinberrez.
Eta ez bada ulertu, eni dagokit esplikatzea zer den kinberrez? Ni ez
naiz berria ematen duen erreportaria, modu periodistikoan, baina barneko
iritzia plazaratzen duen kolaboratzailea. Eta viceversa kontzeptu arrunta
behar badut arestiko gag tipia egiteko, ez naiz pribatuko, baizik eta
balizko leizaleak ez ote lukeen konprenituko. Nik normalduak baiginan
bizi nahi dut.
Herria gorputza bada eta Hizkuntza bihotza, ligatzeko zer da
inportanteagoa, bata ala bestea?
Amodioa Herriari eta sexua herritarrekin. |