
|
Zinema:
errealitatea, fantasia eta euskal papalagiok
Orain dela laurogeita/ bost urte, Polinesiako buruzagi batek gizaki
zuriaren bizimodua ezagutzeko asmoz bidaia bat egin zuen Europan zehar.
Bueltatu zenean, jaso zituen oharrak baliatuta, hitzaldi batzuk eman
zizkien bere herrikideei. Hitzaldi horiei "Papalagiak" (gizaki
zuriak) izena eman zien, eta bertan, europarren ohitura bitxiak, jarrera
ulergaitzak eta kontraesanak azaltzen saiatu zen, bere ikuspegitik.
"Gizakia osotasuna da, eta ezin da gure izatearen zati batekin
bakarrik bizi, horrek jende gaixoa sorrarazten duelako".
Samoako bizilagun honen oharrak bere lagun alemaniar batek itzuli zituen,
eta orduz geroztik hainbat hizkuntzatan irakurri ahal izan ditugu. Bertan,
besteak beste, zinema aretoez hitz egiten digu. Bere ustez, hain harroputza
den gizaki zuria gela ilun horietara joaten da hor agertzen den "jende
faltsuak" egiten duena ikusten duenean sekula lortuko ez lituzkeen
bizipenak sentitzen dituelako, fikzioa eta errealitatea nahasteraino.
XXI. mendean gauzak asko aldatu dira: Europa zuri hura koloreanitza
da orain, zazpigarren artea deitu izan zaiona kultura askoren laguntzaz
aberastu egin da eta planeta osoan zabaldua dago, eta zinemara joatea
aisialdiaz gozatzeko aukera paregabea izan ohi da aspalditik. Pantailak
mundu osoko ohiturak ezagutzeko aukera ematen digu, gure pentsamolderik
arruntenak kolokan jar ditzake eta filmeen argudioa hezigarria ez denean
ere beti badago gustatu ez zaigunaz hausnartzeko aukera. Hortaz, gehienetan
aukera aberasgarria da.
Baina Euskal Herrian oraindik ere badira jokaera ulergaitzak erakusten
dituzten euskal papalagiak. Badirudi gutariko askok ez dugula aipatu
osotasun hori geureganatu eta ondorioz beste bereizketa bat egiten dugu:
gure bizitza zatitzeko joera. Euskaldun izanik normala iruditzen zaigu
zenbait egoeratan euskaraz egitea baina aldi berean suposatutzat ematen
da kultur ekoizpenak -zinema, literatura...- erdaraz bizi behar ditugula,
euskaraz bizitzeko aukera dagoenean ere. Euskara egoera jakin batzuetan
erabiltzekoa dela uste dugu (tabernan, eskolan, politikan, etxekoekin...)
baina fantasia euskaraz bizi daitekeela nahi gabe ere zalantzan jartzen
ari gara askotan. Hori gertatzen denean, pantailan ikusten dena bakarrik
al da faltsukeria? Aukera faltak eragiten du, noski, baina horri buruz
ere gutxitan eztabaidatzen dugu.
Bada aurten ere fikzioa eta ametsak euskaraz gozatzearen aukera errealitate
bilakatzera doa. Karrikiriren eskutik, kalitatezko zinema euskaraz ikusi
ahal izango baitugu, inoizko eskaintza oparoenarekin gainera. Eta aholku
bat: urtez urte sendotuz joan den ekimen honetaz gozatzeko beldurrak
uxatu. Baten batek filmetan erabiltzen den euskarari beldur badio, pentsa
dezala ñabardurak alde batera utzita, dena ulertuko duela eta
berarentzat aberasgarri izango dela (edo berari aberasgarri izango zaiola).
Bestalde, euskaldunok komunitatea osatzeak ez du esan nahi zinemara
derrigorrez taldean edo bikotekidearekin joan behar dugunik. Hemengo
ohitura bestelakoa izan daiteke, baina sinistu ezazue: bakarka ere joan
daiteke... eta ez da ezer gertatzen!
Otsailaren 1etik aurrera euskal papalagiok zinema aretoak leporaino
betetetzera goaz! |
Juan
Kruz Igerabide
Sarasola
 |
Juan Kruz Igerabide
Sarasola Adunan jaio zen 1956an. Maisu ikasketak egin eta irakasle ibilia
da zenbait herritan. Filologia ikasketak egin, eta Euskal Filologian
Doktoregoa egin zuen. Gaur egun EHUko irakasle da, Euskal Filologia
sailean. Haurrentzako liburu asko idatzi du, gehienak ipuinak; bere
lehen haur-liburua Begi-niniaren poemak izan zen (Erein, 1992), eta
geroztik arlo horretan zenbait liburu idatzi du. Bere azken liburuetako
batzuk hauexek dira: Abraham (Erein, 1998; gazte literatura), Jonas
eta hozkailu beldurtia (Aizkorri, 1998; haur literaturako Euskadi Saria),
Hamabi galdera pianoari (Alberdania, 1999; gazte literatura), Helena
eta arrastiria (Elkar 1999; gazte literatura), Izar bat agertu da (Igela
2001; gabonetako ipuina).
Euskal komunitatearen egoerak kezkatzen al zaitu?
Nola baloratzen duzu egungo egoera?
Jakina, biziki kezkatzen nau euskal komunitatearen egoerak. Gertatzen
zait, hala ere, ez dakidala oso garbi zein eta zer den "komunitate"
hori. Historian "gure" lurrean era askotako komunitateak sortu
dira, indarrez ia beti, eta era askotako interesei jarraiki. Mirariz,
benetan uste baitut mirari izan dela, hizkuntza zahar honek iraun egin
du, eta bera da nolabaiteko komunitate zentzuari oinarri sendo bat ematen
diona. Ez dut sinesten abertzaletasunean (are gutxiago abertzaletasun
inperialista batean), errealitatearen ez baina amets mitikoaren fruitu
baita (eta horrekin literatura eta artea egiten da, ez politika), ez
dut sinesten independentzian (are gutxiago globalizazio kapitalistan),
non eta ez den komunitate txiki baketsuak, estatu eta armadarik gabeak,
eta kriterio ekologikoekin eginak sortzeko (eta hori "gure"
alderdiek ez dute planteatzen). Bizi dugun kaka-nahaste eta indarkeria
zentzugabearen giroan, oraindik zerbait merezi badu, nire ikuspegitik,
euskaraz mintzatzen eta idazten jarraitzea da, eta hizkuntza hori norberaren
izatearen adierazpide bihurtzea, hots, euskara egitarau politikoen zerbitzutik
ateratzea.
Zer egingo zenuke jendearen Euskararekiko motibazioa areagotzeko,
hau da, elebakar erdaldunek Euskaraz ikas dezaten eta elebidunek Euskara
erabil dezaten?
Euskara bultzatzeko motibazio mota anitz erabili da: motibazio ideologikoa,
ideologia abertzalearen erdigune izan baita euskara (ezkerreko ideologiek
ere boterearen kontrako borrokatzat jo izan dute); motibazio sentimentala,
gure arbasoen hizkuntza, gure lurreko ahots zaharra...; gaur egun gizarte-motibazio
bat ere badago, zenbait lanpostu eskuratzeko edo/ gizartean integratuago
sentitzeko... Badago beste motibazio bat oso gutxi jorratu dena: motibazio
ekologikoa; basoen, itsasoen, ibaien... ondarea bizirik irauteko ezinbestekoa
badugu, hizkuntzak gure bizitza psikikoaren euskarriak dira; munduan
hizkuntza bat galtzen den bakoitzean, neurosi berri bat jaiotzen dela
esango nuke, eta koska bat ergelago egiten garela. Hizkuntza baten iraupena
asmo politiko jakin batzuk baino askozaz harantzago doa; gure giza izatearen
muineko zerbaitez ari naiz. Nik neuk badut, gainera, motibazio zuzen
bat: neure ama hizkuntza da, eta kito. Hizkuntza handien boterearen
lilurak, ergelkeriak eta gutxi-lotsak eraman gaitu euskara galtzera
euskaldun "zaharrok". Horrezaz gainera, esango nuke ama-hizkuntza
ez dela soilik amagandik ikasi nuena; agian, amari edo amonari lapurtu
zioten hizkuntza ere badut ama hizkuntza.
Euskaldun berriok erreferentzia falta nabarmena dugu. Euskararen
jatortasuna lortzerik ba al dugu?
Jatortasuna, hein handi batean, gezur bat da, denok baikaude kutsaturik.
Euskaldun berriak lotsarik gabe erabili behar du euskara. Hala ere,
logika pixka batek erakutsiko dio hizkuntzak bizirik iraun duen lekuetan
ipini behar duela belarria. Tarteka, asteburuetako irtenaldiak herri
txikietara egin eta hango jendeari entzutea formula polita da. Bestalde,
irratietan, adibidez, esatari onak aritzen dira oro har. Horretaz gain,
Egunkarian, esate baterako, nahikoa hizkuntza txukuna erabiltzen da.
Bitartekorik ez da falta gaur egun, oraindik asko hobetu beharra egonik
ere.
Nola baloratzen duzu egungo euskal literaturan dagoen sormena?
Helburu bat lortzen ari gara: inguruko hizkuntzetan egiten den literaturaren
mailako liburuak ateratzea, eta batzu-batzuk munduan zehar/ lotsarik
gabe hedatzeko modukoak. Apustu asko dauzkagu aurrean; horietako bat:
literatur hizkera aberatsa eraikitzea -horretan aurrerapauso nabariak
ageri dira- eta literatur hizkera hori herritarren hizkeretatik ez gehiegi
urruntzea, komunikazio arazoak sor ez daitezen. |