
|
Gu
gara euskara
Urtats. Urte berria delarik, abiatzen gara berriro ere. Eta aurreko
zenbakiko azken orrialdean Xamarrek emandako pista aintzat harturik
abiatzen gara: Gu gara Euskara. Laburra baina esanguratsua oso. Izan
ere, gure mezuen muina baita. Hizkuntzaren bizia eta bizitza, euskaldunak
trinkotzea, euskal gizartea eratzea edo antolatzea... horiek guztiak
ezin egin dira gu gabe. Merezi du Xamarren esanak berriro ere irakurtzea,
eta horretara gonbidatzen zaitugu.
Baina, bidenabar, egiten dizugun gonbitea zabaldu nahi dugu; zeure barrenari
begira diezaiozun nahi dugu. Gogoeta pixka bat egin. Zer nahi duzu?
Bizi nahi akaso? Euskaraz bizi nahi? Euskaldun bizi nahi? Ezin gara
Euskararen aldeko izan geure buruaren aldeko ez bagara. Euskara nolatan
biziko da gu geu bizi ez bagara? Eta, zer nolako bizitza edo biziera
opa diogu Euskarari, geure buruari opa ez dioguna? Horra, bada.
Sasoi honetan, geure baitan aldaketak egiteko asmoa pizten da askotan.
Urte berriarekin, berrikuntzak berriketa, eginkizun ugariren abiatzeko
plana egiten dugu. Gaurtik aurrera, halako eta halako..., eta gisakoak.
Une aproposa dirudi hainbat ohituratan eten egin eta beste gisa batez
jarduteko. Halaxe egitera ere dei egin nahi dizugu. Usu erraten den
moduan, txipa aldatu beharra dugu. Xamarrek esan bezala, hirugarren
pertsonan mintzatu –eta pentsatu- beharrean, lehen pertsonan pentsatzera
–eta mintzatzera- pasa behar dugu. Eta ondoren aritzera, jakina.
Euskararen alde egotetik, geure alde egitera pasa; Euskara ikasi edota
hartaz gehiago jabetzetik, geure buruaren jabe izatera. Euskaraz bizi
nahi izatetik, Bizitzera. Kirol talde baten aldeko izan gaitezke, baina
kiroletan beste batzuek jokatzen dute. Euskarari dagokionez, denok jokatzen
dugu. Alde egoteak ez du asko balio, partehartzaile gara guztiok.
Bizi ditugun egunak aldaketa egunak dira nonbait. Izan dadila aldakuntza
geure baitan ere, eta has gaitezen, urte berriarekin batera, Euskaraz
bai, baina eta Euskara bizitzen, beste inor edo ezer ez baita Euskara,
Gu baizik. |
Carme
Junyent Figueras |
Carme Junyent Filologian
doktorea da eta Hizkuntzalaritza Orokorra irakasten du Bartzelonako
Unibertsitatean. Hamar liburu eta ehunka artikulu eta ikerketaren egilea
da, eta UNESCOk babesten duen "Munduko hizkuntzei buruzko txostena"
aurrera eramaten ari den taldeko kidea ere. Honez gain, 1996. urtean
plazaratu zen Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala gauzatzeko
lanetan ibili zen, Adituen Batzordean hain zuzen.
"Contra la planificació" (editorial
empúries; bartzelona, 1988) liburuan esaten duzunaren arabera,
ba omen daude lehen eta bigarren mailakotzat jotzen diren hizkuntza
gutxiagotuak. nola lagundu dezake hizkuntza ekologiak desoreka hau zuzentzen?
C.J. Hizkuntza ekologia aniztasunaren kontzeptu batetik dator. kontzeptu
horren arabera, hizkuntza guztiak aldi berean hizkuntzen dibertsifikatze
naturalaren prozesuaren emaitza eta hizkuntza kodea eratzeko aukeren
adierazpen paregabeak dira. horrek esan nahi du, alde batetik, giza
mintzairaren batasun sakona dagoela eta, ondorioz, bere adierazpen guztien
berdintasuna ere adierazten du. bestalde, horrek berekin dakar hizkuntza
bakoitza aniztasun linguistikoa den osotasun horren zati bat dela kontsideratzea.
kontzeptualizazio hau hizkuntzen hierarkizazioarekin bateraezina da,
hizkuntza bakoitza behar-beharrezkoa baita. hizkuntza ekologiaren inguruko
ikerketak bai hizkuntzen berdintasuna eta bai hizkuntza guztien beharra
dugula frogatu dezake eta, beraz, herriei informazioa eta argudioak
eskain diezazkiekegu hauek guztiak kontuan hartuta jardun dezaten.
Nola egin aurre munduan ingelesdun komunitate hain boteretsua
egotearen ondorioei? nazioarteko hizkuntza lagungarriek (esperantok,
esate baterako) bete lezaketen eginkizunean sinesten al duzu?
C.J. Ingelesaren hedapenak bereizi beharreko bi alderdi ditu, gutxienez.
alde batetik, funtzio jakin batzuetan hizkuntza lagungarri gisa izan
dezakeen erabilera; bestetik, bere hizkuntza ingelesaz ordezkatzen duten
hizkuntza komunitate askotan gertatzen den ezarpena dago: kasu horietan,
ingelesa lehen hizkuntza bilakatzen da.
Lehen aldeari dagokionez, ingelesak "lingua franca"ren funtzioa
bete lezake hizkuntza komunitate anitzen artean, ezaguera zabaltzeko
tresna gisa edo. horrek, hasiera batean, hizkuntza aniztasunaren babesari
ez lioke trabarik jarriko. hala ere, ingelesaren erabilera instrumentalak
arrisku bat dakar -eta hau argiki suma daiteke zientzia, teknologia,
artea eta horrelako hainbat eremutan-: ordezkatzeko funtzioa betetzearena,
hots, eremu hauetan egiten diren ekarpenak ingelesetik egin daitezela,
beste kultura batzuen ezaugarriak baztertuz. horren ondorioa da aipatu
eremuen garapenari murrizketa nabarmena jartzea.
Bigarren aldeari dagokionez, hizkuntza ordezkapena, ingelesa beste zenbait
hizkuntzarekin batera eragiten ari da hizkuntza aniztasunaren aurkako
indar suntsitzaile gisa eta, zentzu horretan, erantzunak ez du izan
behar ingelesaren zabalkuntzaren aurka bakarrik, baizik eta kultur homogeneizatzearen
prozesuaren aurka, bere osotasunean hartuta.
Nola sendotu liteke hiztun elebidunek bere hizkuntza gutxiagotuari
dioten atxikimendu eta leialtasuna? eta euskararen kasuan?
C.J. Prestakuntza eta informazioa ezinbestekoak direlakoan nago. denok
kontziente izan behar dugu hizkuntza aniztasunaren balioaz eta, hizkuntza
gutxiagotuen hiztunen kasuan, zera hartu behar dugu kontuan: gizateriaren
aurrerapenari ekarpen sortzailea egin nahi badiogu, gure hizkuntz eta
kultur ondarea denon aberastasunean eta emankortasunean lagundu dezakeen
ekarpen paregabea da. baina, aldiz, gure ondarea beste batez ordezkatzen
badugu, suzedaneo edo ordezko bat besterik ezin dezakegu eskaini. garbiago
esateko, gure ondarea beste batez ordezkatzea egiptoko piramideak parke
tematiko batez ordezkatzea bezala izango litzateke.
Argudio berak balio du euskarari dagokionez ere, baina kasu
honetan gauza bat gehitu daiteke: genetikoki isolatutako hizkuntza izanik,
bere ekarpena jatorrizkoa eta bakarra da.
Euskal herrian garatu den soziolinguistikaren ildo nagusiak ezagutzen
al dituzu? nola baloratzen dituzu?
C.J. Ez ditut sakonki ezagutzen, baina bi puntu azpimarratu nahi nituzke.
lehenbizi, orain arte jasotako emaitzen arabera pentsa liteke euskara
gizateriaren historian berreskuratu den bigarren hizkuntza izan daitekeela,
hebraieraren ondotik, eta, ondorioz, prozesu hau oso eredu erabilgarria
izan daiteke bere hizkuntza suspertu nahi duten beste komunitateentzat.
bigarrenez, nik uste hizkuntzaren berezko erabilera ahalbidetzen duten
hainbeste proiektu dinamizatzaile garatu izanak (berreskuratzearen oinarriak
hezkuntzan eta legeetan soilik ez utziz) hizkuntzaren bizitzarako ezinbestekoa
dena -transmisioa eta erabilera- oso ongi ulertzen dela islatzen duela.
hau ez da batere ohikoa hizkuntz plangintzen proiektuetan eta esportatzeko
moduko eredua dela iruditzen zait.
|
 |
Trinkotzea:
kalitatezko bide gorria euskaldunentzat
Txepetxek eskainitako kontzeptuen artean emankorrenetakoa
dugu trinkotzea. Funtsean, hiztunen arteko harremanak ugaltzean datza;
hots, bizitzako jardueretan hiztun euskaldunak aukeratzean.
Euskararen erabilpenaren kale neurketaren ildotik Txillardegik egindako
ekarpen teorikoak frogatu duenez, hiztun elebidunok beste hiztun elebidunak
aukeratu ohi ditugu euskara erabili ahal izateko. Ia hiztun elebakarrik
ez duen komunitatean euskararen iraupena horri esker lortu da, baita
hizkuntzarekiko leialtasunari esker ere.
Askotan, aldiz, aukeraketa ezinezkoa dugu, hiztun elebakar asko baitaude
gure inguruan. Horren aurrean euskararen erabilera areagotzeko bideak
bi dira; lehenengoa: gero eta euskaldun gehiago egotea; bigarrena: garen
euskaldunen arteko harremanak trinkotzea. Batzuetan trinkotzea elkartze
fisikoa izanen balitz bezala ulertu da eta horrela leku askotan gune
euskaldunak -txokoak- sortu egin dira. Baina bide horrek muga garrantzitsua
dauka, gainerako bizilagunek bezala, euskaldunok ere gure espazio fisiko
osoan mugitu behar dugulako.
Trinkotzea, beraz, zerbait konplexuagoa da. Txirrindulariek aldarrikatzen
duten hiriko bide gorria metafora interesgarria da trinkotzeak esan
nahi duena ulertzeko: hirian zaila eta arriskutsua da, oso, kotxeen
artean txirrindulaz ibiltzea. Txirrindulaz eroso ibiltzeko etxetik lanera,
zine aretotik erosketa gunera, eskolatik kiroldegira… joanen liratekeen
bide gorriak beharko genituzke. Euskaraz eroso bizitzeko etxean, lanean,
zine aretoan, erosketa gunean, eskola edo kiroldegian euskarazko eskaintza
aurkitu beharko genuke eta horietan guztietan hiztun euskaldunekin topatu.
Trinkotzea euskaraz bizitzeko bide gorriak eraikitzea da, euskaldunak
non dauden jakinez eta ez dauden lekuetan jarriz.
Kotxeak jaun eta jabe diren errepideetan txirrindulaz ibiltzea horren
zaila izanik, batzuetan bide paralelo estuagoak eta makurragoak eraikitzeko
joera izaten dugu, baina hori ez da behin behineko sasi konponbidea
baino. Euskararen normalizazioa bide nagusian kokatuta dago.
|