
|
Hortaz,
Karrikiri, zer da?
Mamitsuagoa da: Karrikiri zer den, edo zer izatea nahi dugun, nolako
Karrikiri bilatzen dugun azaldu.
Tira, hasteko, Karrikiri beti eginbidean den zerbait da; ez da erabat
osatuko Iruñerriko euskaldun guztiak aldez edo moldez karrikirikide
ez direno. Karrikiri proiektua da beti, eta bere xedea, hain zuzen ere,
euskaldun guztien artean harremanak bideratzea, euskaldungoa trinkotzea,
euskaldunak euskaldunekin bizitzea da. Iruñekoak, Nafarroakoak,
Euskal Herri osokoekin batera; eta gainera, munduko beste herri guztiekiko
berdintasun, elkartasun eta adeitasunean.
Zehatzago, euskaldunok komunitate gisa ditugun beharrei erantzuteko
asmo tinkoa
daukagu. Ziur gaude urratsak eman behar ditugula eta erreibindikazio
soiletik ekinbide sendoaren bidetik segitu beharra daukagula, geure
beharrak asetzeko geuk baitakigu zer nolako tresnak eta baliabideak
eratu behar ditugun. Ibilitakoa ahaztu gabe, bide berri eta eraikitzailetatik
abiatu nahi dugu.
Uste sendoa dugu, ezen normaltasunera iritsiko garela, baldin eta gu
geu izateko behar duguna normaltasunez eraikitzeari ekiten badiogu,
irmotasunez eta elkarri laguntza emanez. Elkarren ondoan negar-zotinka
aritu gabe, batak bestearen nahi, behar eta ametsak osatzeko adoretsuki
lan eginez, giro lasaian, inori gehiegizko ahaleginik exijitu gabe,
baina egindakoaz harro eta egitekoaz kementsu.
Elkartearen onura bakarra euskaldungoaren onura besterik ez da:
biltzen dugun dirua ez dugu botere ekonomiko hutsagatik biltzen, baizik
eta azpiegiturak eskuratzeko ezinbesteko baliabidea delako; ez dugu
diruz indartsua den elkartea nahi, baizik eta euskara ardatza izanen
duen bizimodu duin eta egokia bermatu ahal izanen duen giza-elkarte
zabala. Alegia, elkarte indartsu, bizi eta sendoa garen neurrian izanen
ditugu diru baliabideak eskura, eta ez alderantziz. Karrikiri jende
arrunta aritzen deneko bilgunea da; gure soluzio magiko bakarra egunero-egunero
zintzoki lanean aritzea da. Eduki teoriko-teknikoak eta ideia berri
eta sakonak beharrezkoak ditugu, baina gure ekimena eguneroko lan goxo
eta xumeetan gauzatzen dugu, edonork parte hartzeko moduko zereginetan.
Ekinaren ekinez ikasiz joanen gara.
Karrikirin euskaldun guztiok gara kide; laguntzen dutenak, gure lana
baliagarri egiten dutenak, eta besteak ere bai. Beti izanen da atea
zabalik, zuretzat eta lagun ororentzat. |
Jon
Alonso
 |
Euskal komunitatearen
egoerak kezkatzen al zaitu ? Nola baloratzen duzu euskal komunitatearen
egungo egoera?
Bere buruari begira, euskal komunitatearen egoerak argi-itzalak dauzka.
Datu batzuk positiboak dira, eta beste batzuk, aldiz, negatiboak. Baina
zaila da egoera hori baloratzea erdal komunitatearekiko harremanak baloratu
gabe. Eta, alde horretatik, egoera latza da. Horrek guztiak esan nahi
du, batetik, une hau kritikoa dela, eta, bestetik, borroka gogorrak
edukiko ditugula aurrerantzean.
Zer egingo zenuke jendearen Euskararekiko motibazioa areagotzeko,
hau da, elebakar erdaldunek Euskaraz ikas dezaten eta elebidunek Euskara
erabil dezaten?
Erdaldun elebakarrei saiatuko nintzen buruan sartzen euskara jakitea,
Nafarroan, justizia kontua baizik ez dela. Euskara erabiltzen ez duten
euskaldunei ez nieke ezer esango, oso propagandista txarra naizelako.
Zer esango zenioke Koldo Izagirre, adibidez, nor den ez dakien
Iruneko euskaldun alfabetatu bati?
Galdetuko nioke ea non egon den sartuta azken bost urte hauetan. Oso
toki bildua izan behar du, eta, nork daki, agian etorkizunean ni ere
joan ninteke.
Euskararen aurkako joera dutenei zer erakutsi eta irakatsi behar
diegu ?
Erakutsi, hemengoak garela, nafarrak garela; terminologiatik eta eztabaida
sasi-jakintsuetatik haratago, egia izaten segitzen duela euskara, Nafarroa
sortu duten hizkuntzen artean, inportanteena eta zaharrena delako horrek.
Irakatsi, elebakarraren burua, batzuetan, faszismoak habia egiteko tokirik
ezin hobea dela.
Nola baloratzen duzu egungo euskal kulturan dagoen sormena?
Sormena, espantuka dabiltzan batzuek nahi dutena esateagatik, ongi dago.
Kontuz, ongi dago kontuan hartuz zenbat garen, zer kultura maila dugun,
zer hizkuntzatan hezi garen... eta abar. Kopuruak, kasu honetan, ikaragarrizko
garrantzia du: bistan da mila lagunek lagun bakar batek baino hitzezko
produkzio handiagoa eta hobea egiteko probabilitatea %99'99koa dela,
eta horixe da, gaztelania, frantsesa, ingelesa... eta horrelako hizkuntzekin
alderatuz gero egiazko proportzioa (bakar bat milaren ondoan, alegia).
Bestalde, esperientziak oso argi erakusten du espantuka bihotza urratu
nahi diguten asaldatzaile profesional zein amateurren motibazioak, ia-ia
beti, oso miserableak izaten direla (banitate zaurituak, hilaren bukaerara
ezin iristea, urrunera laburreko helburu politikoak, eta gisakoak).
Guztiarekin ere, nik esan behar dut sormenak ez nauela kezkatzen. Harmenak
kezkatzen nau, biziki kezkatu ere: gure hiztun komunitateak sortzen
dituen produktuak estimatzen ez baditugu (benetan estimatu, esan nahi
dut, eta benetan estimatzea ez da inori zilborrean kilika egitea, produktu
horiek kontsumitzea eta apreziatzea baizik), alferrik ari gara; ez gara
sekula euskaraz biziko. Eta harmena kezkagarria da, bai, oso baju dagoelako.
Eta ez naiz bakarrik liburuez ari.
Euskaldun alfabetatu guztiok elebidunak izaki, zenbateraino
merezi du itzulpenetan baliabideak gastatzea?
Galdera hau aurrekoarekin lotzen da. Gu guztiok, neurri handi batean,
erdaldunak gara. Eman dezagun kasu ideal bat: herri euskaldun eta familia
euskaldun bateko seme-alaba, unibertsitate ikasketak eginda, euskaraz,
eta bere bizitza guztian euskaraz bizi izan dena, hau ahalezkoa den
neurrian. Ba, kasu ideal hori ere, neurri batean (nirean baino gutxiagoan
bada ere), erdalduna ere bada. Kultur erreferentzia nagusiak erderetatik
etortzen direla. Orduan, bi aukera baizik ez daude: bata, kultur errererentzia
nagusi horiei bizkar emanda bizitzea (ez dakit non, mendi punta batean
edo), edo horiek poliki-poliki eta ahalik eta txukunen gureganatzen
-hau da, itzulpen edo moldatzen joatea. Kultur erreferentzia nagusiak
zeintzuk diren diskutigarria da, noski, baina ez naiz bakarrik literatura
unibertsalaz ari -nahiz eta hori ere sartzen den-, ezta gutxiagorik
ere. "Kultura" hitza oso zabal hartuta ari naiz, ez elitekoentzako
zerbait balitz bezala. Euskaraz ez gabiltza eroso edo erdara lagungarri
erabili behar dugula ikusten eta aitortzen dugunean (ez beti, beraz),
azken-azken finean, gure jarrera linguistikoa horixe ari da salatzen,
alegia, gure kultur erreferentziak, gure kultur iturriak ez direla euskaldunak.
Izan ere, pertsonak handik eta hemendik entzuten dituen mezu linguistiko-ideologikoak
jaso, gustatzen zaizkionak aukeratu, piska bat bere erara moldatu (eta
hau da batzuek "orijinalitatea" deitzen dutena) eta horrekin
eratzen du bere diskurtsoa (alegia, egoera bakoitzean esan behar dituen
gauzen errepertorioa). Gizabanakoak iturri horietatik edaten duena landu
bai, baina oso-oso gutxi gaineratzen dio, oso-oso gutxi asmatzen du:
onenean, esaldi grazioso samar batzuk, kolore piska bat ematen dio hitzari...
Zenbat eta iturri gehiago euskaraz eduki, orduan eta erosoago ibiliko
gara. Horregatik merezi du itzulpenean baliabideak eta indarrak gastatzea.
|
|
Hizkuntzen
normalkuntzaren arkitektura
Udaletako hirigintza arduradunek udalerriko esparrua
antolatzen dute: hemen etxebizitzak, hor zerbitzuko eraikinak, alboan
parkeak eta, han errepidearen ondoan, adibidez, industrialdea. Herri
edo hiri bat antolatzeko eredu ezberdinak egon daitezke baita eredu
horien araberako proposamen ezberdinak ere. Adibidez, azken urte hauetan,
emakumezkoak hiriak gizonezkoen beharren arabera antolatuta daudela
salatzen hasi dira.
Baina inor gutxik jarriko ditu zalantzan arkitekturaren edo injinerutzaren
oinarri teknikoak (etxeak eta zubiak nola eraiki eror ez daitezen),
arkitektoen arteko eztabaida teknikoetan ez bada.
Hizkuntza normalkuntzaren arkitektura soziolinguistika da. Badira zenbait
kontzeptu, zenbait oinarri soziolinguistikak finkatu dituenak; baina,
hirigintzan ez bezala, hizkuntza normalkuntza lanetan soziolinguistikaren
oinarriak soziolinguistek ez ezik politikariek, kazetariek, intelektualek
(mundu guztiak esango genuke) zalantzan jartzen dituzte. Existituko
ez balira bezala
hitz egiten dute, behintzat. Gero eta maizago entzuten diren astakeriak
entzunda, garrantzitsua da euskaldunok hizkuntza normalkuntzaren "arkitektura"ren
oinarri-oinarrizkoenak ezagutzea, gure argudioen porlana baitira. Karrika
berriko atal honetan horretan tematuko gara: hots, zenbait kontzeptu
eta ideia era ulerterrazean azaltzen. Beraz, badakizu, gai honekiko
interesa baduzu anima zaitez eta bidali iezazkiguzu zure galderak, desadostasunak
edo iruzkinak, txoko honetan lekua izango dute eta.
|