
|
Karrikiri,
zer ez da?
Berrogeita bi zenbakitan zehar, hainbat
kontu, ideia eta jarrera helarazi nahi izan dizuegu, ahalik eta garbien,
ahalik eta laburren ere; gehienetan gai bati edo besten buruzko gure
ideia edo jarrera agertzeko. Baina ia inoiz ez dugu adierazi Karrikiri
zer ez den, eta, estreinatzen dugun urtean, bazterretan ohitura izaten
den bezalatsu, traste zaharrak etxeko zokoetatik kentzeko sasoia-edo,
izan daitezkeen iritzi oker edo uste faltsuak haizatzen hastea otu zaigu
guri ere.
Lehenik eta behin, Karrikiri ez da toki itxi bat, irla bat, non jende
gutxi edo aukeratua soilik sar daitekeen; ez luke zentzurik izanen,
jadanik dakizuen bezala, komunitate oso baten zerbitzutan ari nahi dugu
behintzat. Bigarrenez, ez du “euskararen aldeko beste talde bat”
izan nahi; ez behintzat, beste taldek jorratutako bideak berriro egin
edo haien lanak errepikatzeko.
Ez inoren lekuan sartu nahi, jadanik dagiten lana alferrik bikoizteko.
Ez ditugu orain arte jorratutako bideak errepikatu nahi.
Karrikiri ez da negar egiteko tokia, ez eta euskararengatik ez zenbat
sufritzen dugun elkarri esateko hormatzarra, edo hizkuntzaren salbazioaren
alde otoitz egitekoa ere. Ez da aldarrikapen gune, ez harrokeria zoko,
ez dugu ezinezkotan bihotz-gorputzak nekarazteko zelaia.
Ez genuen sortu, bestalde, lagun taldea izateko, ez soilik hainbat euskaldunek
euskaraz, mintzatzeko edota harreman adiskidetsuak izateko tokitxoa,
nahiz eta lanean gustura aritzeko goxo eta lagunkor denok izatea behar-beharrezkoa
dugun._ Ez, bestela ere, Karrikiri inoren grina partikularrak asetzeko
probaleku, edo proiektu garaitezinetan isurtegi.
Karrikiri ez da enpresa bat, dirua edozein ekimen aitzina eramateko
zein den beharrezko dakigun arren, gure negozioa ez da etekin ekonomiko
hutsa sortzea. Ez da diru biltegia, indarra ez baitugu sos handiez erakutsiko.
Karrikiri ez da, azkenik, laborategi bat, non euskaldunon arazoak teknika
findu bati esker konponduko diren, ahalegin txikia eginda, edo elite
baten bilgunea, jakintsu saldo bat abstrakziotan ibiltzekoa.
Karrikiri ez da deskribatu ditugun horietarik ezer. Hala uste bazenuen,
oker zinen, edo gu oker. Alabaina, hurrengo zenbakian gure aldetik gauzak
zertan diren edo izan behar duten azaltzen saiatuko gara. Laster arte.
|