
|
Euskaldun
pasiboak: loti ederrak ere esnatzen dira
Batzuetan. badirudi datu soziolinguistikoek
pozteko motiboak ematen dizkigutela. Esate baterako, Gauza jakina da
azken hamarkada hauetan euskara dakitenen kopurua igo dela. Tamalez,
egoera islatzen saiatzen diren datu horiek ere erabilera ez dela igo
egiaztatu ahal izan digute. I
Beste hitzetan esanda: euskararen ezagutza jaso dutenen kopurua inoiz
baino handiagoa da, baina horietako askok, arrazoi desberdinengatik,
beste hizkuntza bat hobesten dute eguneroko zereginetan murgiltzeko
orduan.
Arrazoi horien artean, denetarik dago: lotsa, konplexuak, euskara-maila
eskasa lortu izana, gizarte-ingurunean dagoen giroaren eragina... Hala
ere, badira errealitate itxaropentsuak: denok ezagutzen ditugu erdararen
menpeko utzikeria alboratu eta erdi ahaztuta zeukaten euskara hori bizigai
bilakatu duten pertsonak.
Izenetik izanerainoko bidea egin duten horiek askotan zubi bat erabili
dute: gogoa, kontzientzia. Egia da bide hori zeharkatzea norberak egin
beharreko lana dela, baina denok lagundu dezakegu zubi horien eraikuntzan
lan eginez eta oztopoak kenduz.
Hasteko, euskara bere burmuinetako txokoren batean lo sakonean utzi
duen hori ez dugu hizkuntzaren egoeraren erruduntzat jo behar, erantzukizunen
arazoa askoz ere korapilatsuagoa baita; eta bestalde, hizkuntz kontzientzia
berpizteko deiek ezer gutxirako balioko dute bere euskara herdoildu
zaien horiek bizitzako arlo guztiak euskaraz bizi daitezkeela ikusten
ez badute.
Horretantxe sakondu beharra dago: gainerako euskaldunok zerbait baliotsua
galtzen ari direla erakutsi behar diegu euskaldun pasibo horiei. Eta
horretarako, jarrera koherenteak eta dinamika bizkorgarriak garatu behar
ditugu gure artean eta inguruan.
Ikus dezatela euskaltzaletasuna ez dela diskurtso soil bat eta askoz
haratago doala. Gure sormena, gure pozak, gure oinazeak eta afektibitateak
ere euskaraz bizi ditugula ikus dezatela. Errealitate guztiak euskaraz
bizi ditugula, naturaltasunez. Baliteke modu horretan, hizkuntzarekiko,
bizitzarekiko sentiberatasunak pertsona horiengan ere eragina izatea
eta barruan daukaten loti
eder hori, euskara, betiko esnatzea.
Hauxe dugu mende eta milurteko berrian dugun erronketariko bat, eraiki
nahi dugun etorkizun horretan kide hauek bidaide ere nahi ditugulako.
|