
|
Koherentzia
Hiztegiek diotenaren arabera, koherentzia
gauzen arteko erlazioa, lotura edo atxikipena da; ideien artean, esaten
eta egiten diren gauzen artean, edota jende multzo baten partaideek
darabiltzaten asmoen artean. Izan ere, gure inguruan sarritan aipatu
izan da koherentzia, edo koherentzia falta hobeki esan, esate baterako,
Nafarroa Oinez bezalako ekitaldietan plazaratzen diren ideia, nahi eta
asmoen artean eta eguneroko praxiaren artean izaten dugun hutsune handia
azaltzeko, edota euskaldunok –gazteek, batez ere- Nafarroa Oinezera
joan bai, baina urtean zehar Euskaraz egiten ez dugula salatzeko ere.
Tira, ez dugu ukatuko askotan huts egiten dugula esaten eta egiten ditugunak
bateratzeko unean, baina ez dugu uste geure burua -ez eta inorena ere-
erruduntzat joaz deus askorik konponduko dugunik.
Ideiak, asmoak, helburuak. hamaika moduren bidez agerrarazten ditugu
sarritan: Nafarroa Oinez eta gisako ekitaldiak, Toka Noka ekimena, Bai
Euskarari kanpaina eta XXI. Mendeko Akordioa, Korrika,AEK, EHE, Oinarriak
eta bestek deituriko manifestazioak..., ekitaldi handiak zein txikiak,
luzeak zein laburrak,
iraunkorrak zein aldi batekoak, beste asko ere aipa genitzake, eta horietan
guztietan adierazi ohi dugu euskaldunok Euskaraz bizitzeko desioa.
Hona, bada, hurrengo pausua, koherente jokatuko badugu: desio eta behar
hori betetzeko ahaleginak egin. Tresnak eta baliabideak sortu eta haiek
baliatzeko elkartu. Azken batez, horren inguruko ideiak ekarri besterik
ez dugu egin nahi izan, Karrikaren hasieratik zuen etxera igorri ditugun
artikuluska hauen guztien bidez. Errudunik eta koherentzia faltarik
bilatu gabe, esaten duguna egin ahal izateko bideak ireki.
Horixe bakoitza era koherentean aritzea beharrezkoa dugula baina, egiatan
diogu, guztion artean koherente izatea -koherentziaren adiera kolektiboari
jarraiki-, norbera ere koherente izateko erarik eraginkorrena dela.
Erruak bilatu beharrean, ikas dezagun besteekiko lotura edo atxikipena
dela bakoitza koherente izateko bide laburrena.
|