
|
Euskararen
unibertsoa lekurik gabe unibertsitatean
Aurten ere euskara bazter utziaz ekingo
diote ikasturte berriari Nafarroako Unibertsitateek: euskaraz aritzeko
aukerak hutsaren hurrengo dira oraindik ere.
Unibertsitateak gizarteko hainbat arlotan duen eragina inor gutxik jar
dezake zalantzan: heziketa, lan prestakuntza gizarte dinamizazioa, ikerkuntza,
garapen ekonomikoa... Hortaz, Unibertsitate publikoaren autonomia alboratuz
euskara behin betiko mugatzeko asmotan Gobernuak ezarri nahi duen aldaketa
legala beren heziketa euskaraz osatu nahi duten gazteen etorkizunaren
aurkakoa izateaz gain, gizarte osoaren garapenaren kontrako erasoa ere
bada, besteak beste euskara eta euskaldungoaren ekarpenak saihestea
baitu helburu.
Baina Unibertsitateak ezin dio muzin egin erronka handi honi euskara
etorkizuneko hizkuntza delakoan beren seme-alabentzat D eredua hobesten
duten gurasoak gero eta gehiago baitira. Ildo honetatik, oinarrizko
hezkuntzan euskararen presentzia toleratu baina goi mailakoan arbuiatzen
dutenen itxurazko kontraesana areagotzen omen da. Ez genuke ahaztu behar,
ordea, euskararen presentzia gizartean indargabetzen saiatuz, unibertsitate
eredu elebakar gaztelaniaduna babesten
dutenen helburuetariko bat hain zuzen ere aurreko zikloetan euskarazko
hezkuntzaren eskaera geldiaraztea izan daitekeela.
Horrexegatik Nafarroa Oinez bezalako euskal hezkuntzaren aldeko ekitaldietan
parte hartzen dugun guztientzat –eta gizarte osoarentzat ere-
euskararen debeku objektiboa unibertsitateen munduan halabeharrezkoa
da saihestezina balitz bezala ikustea arriskutsua da oso. Ez ditzagun
etsipenez onartu beren hizkuntz ibilbidea garatzeko eta euskarazko ikasketa-prozesua
osatzeko euskal ikasleen eskubideak urratzen dituzten erabaki maltzurrak.
Bizitzako arlo guztietan euskaraz bizi nahi baldin badugu ezin dugu
ahaztu eremu hau. Izan ere, gizartean gai honen inguruan axolagabekeria
nagusituko balitz gazteen eta euskal komunitatearen etorkizuna are egoera
larriagoan geratuko litzateke.
Zeregin garrantzitsuak ditugu aurrean, beraz. Unibertsitateetan bertan
euskararen alde etengabe lanean diharduten pertsonak eta taldeak badaude,
eta askotan ez ditugu behar bezain ongi ezagutzen. Egoera latzean ari
dira, baina azken batean, ziur gaude denon kontzientziaren eta lanaren
fruituak ezjakintasuna baino erakusten ez duten jarrerak desagertarazi
ahal izango dituela.
|