07 KARRIKA : 039|2000ko iraila    <038 | 040>

|IRITZI ARTIKULUA |HEMEROTEKA

 

|IRITZI ARTIKULA

Oporrak iragan eta...

Oporrak iragan eta, Kairrikiritik agur egin nahi dizuegu, eta uda sasoi honetan zuetaz gogoratu garela esan ere. Izan ere, Karrikiriko lagunak zuek bezain karrikiritar izan gaitezke, gure asmo nagusia, hitz laburretan esanda, Iruñeko eta inguruko euskaldunok gero eta elkartuago izatea besterik ez baita.
Dakizuenez, xede horren erdiesteko hainbat zerbitzu antolatu izan dugu gure elkartean. Uste dugu hizkuntza komunitatea indartsuago egon dadin hutsuneak betez laguntzen dutela zerbitzu honek. Eta, Karrikiriren lehenbiziko urratsak eman eta bost urte pasa direlarik, gure eskasiez jabeturik eta aitortuz, berriro ere, gogoetari ekiten diogu.
Eta gogoeta horretan, nahitaezko ondorioak dira zerbitzuak hobetuz joan behar dugula, edota jende gehiago balitz gurekin lanean, askoz ere eraginkorragoa izanen litzatekeela gure ekimena (Karrika bera hobetu, bulegoko zerbitzuak gero eta gehiago zaindu, lanak perspektiba luzeagora planteatu...; hain zuzen, bost urteko epe baterako lanari nola ekin planteatzen ari gara orain).
Horregatik, gure gogoetan zuek ere bazaudete present, eta gonbitea egin nahi dizuegu, ikasturte honen atarian, zuek ere une batez gelditu eta pentsa dezazuen ea ez ote duzuen aukeratxoren bat modu batean zein bestean zuen alearen ekarpena Karrikirirentzat euskaldunok gara langai eta helburu. Nahi genuke euskaldunontzat ere Karrikiri horren garrantzitsua izan dadin.
Laster, Nafarroa Oinez; honekin batera, uda aurretik iragarri genizuen gazteen arteko ekimena: Toka Noka jardunaldia. Aukerak aunitz dira. Dudarik gabe, tokia eta modua izanen da guztiontzat.
Aurrera begira, ez ahaztu besteentzat, gazteagoentzat, lan egiten dugula, haiek beren esku izango baitute hizkuntza komunitatea osatzea. Animatu, beraz, haiendako bideak irekitzen eta tresnak prestatzen laguntzera. Gu jadanik hasi gara, bost, hamar urte barru euskal komunitatea fresko eta bizkorragoa izan dadin. Ongi etorri eta laster arte.

 
 
Karrikiri Elkartea. Xabier karrika 4 (Gazteluko plazaren ondoan). 31001. Iruñea. Tel.948 225 845. bulegoa@karrikiri.org