07 KARRIKA : 037|2000ko ekaina    <036 | 038>

|IRITZI ARTIKULUA |HEMEROTEKA

 

|IRITZI ARTIKULA

Gazteok, protagonista

Proposamen baten berri dakarkizuegu; urriaren 7an, Nafarroa Oinez baino bi aste lehenago, elkartu eta solasaldi batzuk izatea gure artean. Larunbat horretan bildu eta gauza garrantzitsu askori buruz elkarrekin mintzatzea. Horretarako prestaketa bilerak egiten hasiak gara. Jardunaldia egin eta gero, eztabaiden ondorioak ikasle, irakasle eta gurasoei emanen dizkiegu. Izan ere, urrian izanen dugu berriro ere Nafarroa Oinez Iruñean bigarren aldiz segidan; eta pentsatu genuen aukera polita zela ospakizunaz gain beste zerbait ere egiteko.
Euskaltegi, euskara elkarte eta gazte taldeetan gabiltzan hainbat lagun bildu eta ditugun kezka eta asmoetatik sortu gonbite hau. Izan ere, gure inguruan gorabehera asko izaten dugu gure hizkuntza dela eta: etxean, lagunartean, kalean... faktore asko dago euskaraz egin dezagun ala ez. Ez gara eroso sentitzen, edo nahiko ahaztua daukagu klasean ikasi genuena, edo guk bai baina gure lagunek ez dute horrelako gogorik, edo falta zaigu gauzak esaleko kapazitatea; gero, Unibertsitatean arazoak daude euskaraz segitzeko, edo irakasleek gehiegi presionatzen digute... Tira. euskaldunak gara, baina kosta egiten du, gurasoak euskaldunak ez direnean, edo anai-arrebekin dugun ohiturarengatik; batzuek euskaraz eskolatu eta gero euskaltegira jo dute hobetzeko asmoz: elebidunak gara, bi hizkuntzak dakizkigu, baina juxtu aprobatzeko, eta gero ez dugu euskararekin deus jakin? Ala guretzat pozgarria eta abantaila zaigu telebista, irrati eta egunkaria euskaraz irakurri ahal izatea eta euskaraz egiten diren gauza ederrak gozatu ahal izatea!
Ziur aski denok ditugu gure inguruan horrelako urratsetan ibilitakoak. Batzuk bazterrean geratuko dira, baina asko gara eskolatik euskaldun atera garenok, eta asko seme-alabak euskaldun izan behar dituztenak ere. Bestalde, jende gaztea da etorkizunari begira gizartean pisu handiena izanen duena. Horregatik pentsatu dugu une egokia dela Nafarroa Oinez gauza horiek planteatzeko.
Lehenengo bilerak maiatzean egin dira, baina aukera izanen duzue parte hartzeko, ekainean edo gero irailean. Ez da lan asko egin behar. Elkartu eta iritziak edo ideiak bildu. Animatzen bazarete, Karrikirin informazio gehiago eta zehatzagoa emanen dizuegu. Gazteok dugu denbora gure aurrean, behar dugun guztia egiteko, eta protagonista izanen gara pelikula horretan.

 
 
Karrikiri Elkartea. Xabier karrika 4 (Gazteluko plazaren ondoan). 31001. Iruñea. Tel.948 225 845. bulegoa@karrikiri.org