
|
Egunkaria,
eguneroko ogia
Lehen euskal aldizkaria joan den mendean
jaio zen, Los Angeles hirian. Ameriketan ziren euskaldunen beharrak
betetzen ahaleginduko zen euskal prentsaren aitzindari Escualdun Gazeta.
Euskaldunak ere, beste nazioak bezala, egunkaria izateko gauza zirela
erakusten zuen harek, eta zio honek egunkarien garrantziaren berri ematen
digu.
Garai eta toki haietan bezala, orain eta hemen ere Egunkaria garrantzitsua
dugu; hobeki esan, aldizkariak eta egunkariak, prentsa idatzia hitz
batez, garrantzitsuak dira gure munduan: laugarren botere deitu izan
dituzte... Alegia, edonongo herritarren bizibide osasungarriaren adierazletzat
begiratzen diren parametroen artean ura edo indar elektrikoa aurki ditzakegun
gisan, halako hizkuntza komunitatearen osasunaren adierazgarri nabarmena
da egunkari kopurua. Bai eta,hizkuntzen historian,edo katalogoetan,
nola datu esanguratsutzat hartzen den, esaterako, delako hizkuntzara
Biblia noiz itzuli zen, edo lehenengo entziklopedia noiz osatu zen,
halaxe dugu egunkaririk izatea ere erabateko abantaila.
Gurean, zoritxarrez, ez da aspaldikoa daukaguna, baina, zorionez, badugu:
egunero, kafesne katiluaren ondoan, gailetekin batera gure baitara sartzen
zaigun egunkaria. Egunkariaren garrantzi ezin ukatuzkoa betekizun arruntetatik
haratago doa, ikusi dugunez, baina ez du haatik bere zertarakoa bazter
uzten: komunikazio azkar eta eguneratua, ezin eguneratuagoa, hain zuzen,
eskaintzen digu, eta nahikoa da egunero-egunero leitzea zera konprobatzeko,
egunerokotasun horrek, ohitura bihurturik, gure jakin beharrak asetzen
dituela egunero, informazio osoa gureganatuz, eta egunero egiten gaituela
jakitun gure herrian.
Zorionak eman beharrean gaude, beraz; Euskaldunon Egunkariari lehenik,
bere hamargarren urteurrena ospatzen duelako, eta euskaldun guztioi,
zinez bizitzen laguntzen digun tresna hori gure eskura daukagulako.
Eta gero eta hobea, etengabe berrikuntzak egiten ari baita. Zer gehiago
esan? Bada, egunkariak irakurtzeko direnez, gonbidatu nahi zaituztegu
Euskaldunon Egunkaria irakurtzea ohitura bihur dezazuen, eta, horretarako,
zer hoberik egunero etxean jasotzea baino, harpidetza eginik?
|