
|
Euskara,
mundua ikusteko leiho
Oraingo honetan Zenbat Gara aldizkararen
azzken zenbakian Xamarrek plazaratutako kezka ekarri nahi dugu honetara:
"D ereduan ikasteko motibapena gurasoena da soil-soilik, giro
erdalduna duten umeei berdin zaie Euskara edo Txinera den. Eta txikitan
ikasi egiten dute halako eskolan/ikastolan daudenez gero. Txikiak diren
bitartean eskolak beren bizitzaren parte garrantzitsua du betetzen;
handitzerakoan, aldiz, ohartzen dira mundua haratago doala eta hor erabiltzen
den mintzoaz aski ongi ohartzen dira"
Eskolako hizkuntza eredua hautatzeko garai honetan, gurasoek buzoian,
aurten hauteskundeek sortutako propaganda oldearen artean, ikastetxe
desberdinetako eskaintzaren propaganda aurkitzen dute. Horien guztien
artean, elebitasunak dakarren onura goraipatuz, euskarako ereduan matrikulatzeko
gonbidapena heltzen zaie. Ez da txantxetako gauza, familiak euskara
ematerik ez duenean, eskola baita euskal hiztunak sortzeko biderik eraginkorrena
(askotan ez nahikoa, baina).
Urtez-urte matrikulazioaren kopuruei begiratzen diegu eta urtetik urtera
ikusten dugun hazkundeak (hazkundearen erritmoaz gehiegi kezkatu gabe)
lasaitasun moduko zerbait ematen digu: orain gutxi bagara ere, urte
batzuen buruan askoz gehiago izango gara, pentsatzen dugu, nonbait...
Hala ere, bada garaia kantitateaz gain edukiaz kezkatzeko: ez ditugu
pertsonak motibatu behar euskara ikasteko, motibagarri euskara bera
eta bere kultura bihurtu behar ditugu. Hori da lehenago aipatu dugun
Zenbat Gara aldizkariaren zenbaki berean Todor Etxaburuk ematen digun
erantzuna, helduen irakaskuntzari buruz zera esaten duenean: "Gogoan
izan behar dugu euskarak motiba dezakeela, baina beti ere ikasleari
zerbait berezia eskaintzen badio: plus bat, gainerako hizkuntzena ez,
bezalako kultur-molde original bat (ez hobea ez txarragoa, desberdina
baizik), munduari erantzunak emateko kosmo-ikuskera propio bat, ikasleari
zerbait esango diona, ikaslea aberastuko duena (...), gainerako hizkuntzetan
egin ohi dutenaren fotokopia merkeekin ez goaz inora, haiena modu kaxkarrean
kopiatzea baino ez dugulako lortuko gisa horretan. Erantzun propioak,
originalak behar ditugu orain inoiz baino gehiago".
|