
|
Legea
tresna eta ez helburu
Zuetako askok Jakin ahal izan duzuenez,
pasa den urteko abenduan euskararen lege berri baten aldeko ekimen bat
martxan jarri zuen Oinarriak taldeak; euskararen ofizialtasuna aldarrikatzen
duen proposamen hau Parlamentuko alderdi guztiei erakutsiko die 25.000
sinaduren babesarekin.
Legeak dituen gabeziak eta idatzi zutenen maltzurkeria agerian daude:
hala ere, lege berri baten bila joateak, nahiz eta garrantzitsua izan,
ez gaitu itsutu behar. Zuhurtziaz jokatu beharrean gaude. Izan ere,
momentu honetan legea aldatzearen ahalmena ez dago euskaltzaleon esku
eta bestalde, lege posibleei buruzko hausnarketa ez genuke itxi behar,
hizkuntz egoerak eta kanpoko esperientziak ugari izateaz gain etengabe
aldatzen direlako.
Badakigu gaur egungo legeria dagoen bezala utziko luketenek eta orain
arte aitortutako eskubideak murrizteko prest daudenek ere ez dutela
ekimen hau begi onez ikusiko, baina Oinarriakek proposatzen duena epe
laburrean lortuko ez balitz ere, lanean jarraitu behar dugu, egoeraren
araberako ekintzek ezin dutelako euskalgintzaren etorkizuna baldintzatu.
Gainera, ekimen horrekin euskararen estatus legalari buruzko eztabaida
gizartean ez dela amaitutzat emango aintzat hartzea ez legoke gaizki,
eta hori da hain zuzen proposamen honek ekar diezagukeen ekarpenik onuragarrienetako
bat: euskarak behar duen sostengu legalaren inguruko eztabaida gizarteratzea.
Iritzi publikoan aniztasun handi bat esistitzen dela ez dago ukatzerik,
baina pixkanaka gizarte eraldatzea lortzen badugu, gure eskubideak errespetatuak
izan daitezen, aldaketa horiek legerian islatuko dira lehentxeago edo
geroxeago. Baina ez dezagun hau ahaztu: legea tresna dugu eta ez helburu.
Eta guk nahi dugun gizarte euskaldun eta bizi horretaraino eramango
gaituen bidean herritarrek kontzientzia har dezaten lan eskerga egin
behar da eta tresna ugariz baliatuko gara. Alde horretatik Oinarriakek
piztu nahi duen eztabaida urrats mesedegarria izan litekeelakoan gaude.
|