
|
Munduko
hizkuntz aniztasuna
Abenduaren lehenbiziko hiru egunean Eremu
urriko Hizkuntzei buruzko VII. Nazioarteko Biltzarra egin zuten Bilbon.
Euskararen normalizazioaren aldeko lanean dihardugun anitz lagun, Euskal
Herriko bazter ezberdinetatik etorriak, bildu ginen, bai eta kanpoko
hizkuntzen (gehien-gehienak europarrak: Katalanera, Alsaziera, Okzitaniera,
Eskoziako Gaelera, Galesera, Kanadako Frantsesa, Antilletako Papiamento...)
planifikatzaile andana bat ere. Denetara 400dik goiti hizkuntzazale.
Biltzarraren lehen egunean Patxi Juaristi munduko hizkuntza aniztasunaz
solastu zitzaigun, UNESCO erakundeak munduan solasten diren 5.000 eta
6.000 hizkuntzen gaineko ahalik eta informaziorik gehiena biltzeko egitasmoan
ekin baitio. Adituen
aurreikuspenek diotenez, duela zenbait hamarkada deskalabru ekolinguistikoa
hasi da eta neurri-neurriko esku-hartzea egin ezean, hastear dugun XXI.
Mendean munduko 5.000-6.000 hizkuntzen ondasunaren %90 desagertuko da,
erran nahi baita: hondamendi kultural globala gertatuko da.
Hasmenta. on horren segidan, berriz, gaiari ez zioten behar bezala heldu:
saio interesgarriak izan ziren baina Europako edo jatorri europarreko
hizkuntzen egoera aztertu zuten nagusiki. Biltzarraren eurozentrismoa
nabaria izan zen, bai eta ikuspegi instituzionala ere.
Munduan dugun hizkuntza errealitatea jakinik biltzarrak Eremu (ez hain)
Urriko (eta bitarteko anitzeko) Hizkuntzeena izan zen. Benetan hil ala
biziko kinkan dauden hizkuntza gehien-gehienen bidegarritasuna ez zuten
aitatu ere egin, ordea. Hizkuntza plangintzak izan dezakeen efektu homogeneizatzailea
eta ondoko
hizkuntzetan izan dezakeen eragin kaltegarria (Quebeceko Frantsesaren
plangintzak Cree hizkuntzan duena, adibidez) ez zuten kuestionatu. Bestalde,
planifikatzaileen oinarri etikoa izan beharko lukeen munduko hizkuntza
aniztasuna ere ez zen irizpide nagusitzat hartu. Gure ustez. munduko
hizkuntza aniztasuna bermatzea da, hain zuzen, edozein hizkuntzaren
aldeko planifikazioak oinarrian beharko lukeena, jarduera lokala aniztasun
globalaren osagarri gisa hartuta.
|