
|
Eskubideek
justifikaziorik ez
Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren
arabera, gizaki orok dauzka eskubide eta askatasun guztiak, arraza,
kolore, sexu, hizkuntza, erlijio, politikazko zein bestelako iritzi,
jatorri nazional edo sozial, egoera ekonomiko, jaiotza edo beste edozein
kondiziorengatik inolako bereizkeriarik onartu gabe. Gaur egungo gizartean
nor ausartuko litzateke honen guztiaren kontra dagoela esatera?
Gehiengoarentzat eskubide horiek guztiak ukaezinak omen dira. Hala eta
guztiz ere, deklarazio honek finkatzen dituen eskubideak ukatuak eta
erasotuak izan dira etengabe.
Hizkuntz eskubideei dagokienez ere, elkarrenganako errespetua sustatu
beharrean, herrien arteko desberdintasunak eta lehiakortasuna bultzatu
dira maizegi. Batzuk, munduko hizkuntz oparotasuna ongi ikusten ez dutenez,
aspaldi ekin zioten hizkuntz aniztasunaren aurkako tokian tokiko borrokari.
Askotan, agintean daudenek ere aurreiritzietan oinarritutako heziketa
bat eta ezjakintasuna aldi berean sustatu dituzte, hizkuntza jakin batzuk
erabiltzeak dakartzan abantailak argudiatuz. Horixe da larriena: eragindako
iritziak badirela, eta bere asmoak aitortzen ez dituzten aginte-guneetatik
ere zabal daitezkeela.
Bartzelonako Unibertsitateko irakasle Jesus Tusonek "Hizkuntz aurreiritziak"
liburuan iradokitzen diguna hizkuntz eskubideei buruzko arau etiko batzuk
gizartean onartuak izan daitezen lan egin behar dugula. Beste hitzetan
esanda, izaki, herri, kultura eta hizkuntza guztiak berdinak direla
eta haien arteko gaitasunik ez dagoela baieztatzea, inolako justifikaziorik
eman gabe. Berak dioenez, 1996ko martxoan plazaratu zen Hizkuntz Eskubideen
Deklarazio Unibertsala abiapuntu interesgarri bat izan liteke.
Ezberdintasunaren sustapenaren aurka borroka egitea beharrezkoa da.
Eta horretarako, hezkuntza integratzaile berri baten defentsa egin beharko
genuke, tolerantzia gainditu gizabanakook justifikaziorik behar ez duten
eskubideak defendatzeko prest baldin bagaude, hezkuntza integratzaile
baten defentsa sozial bat egin beharko genuke, tolerantzia gainditu
eta bizikidetasunaren alde egingo duen hezkuntza bat, hezkuntza-sistemaz
gain, komunikabideak ere inplikatuz.
|