
|
Kexatik
harantz prestakuntza
"Arlo askotarako ez du balio hizkuntza
honek". "Galduko balitz, ez litzateke gauza handirik gertatuko".
Etengabekoak izan ohi dira Euskarak jasaten dituen eraso "dialektikoak".
Hedabide askotan zabaldutako argudioak Euskararen aurka egiteko tresna
nagusi bilakatu dira. Izan ere, begi bistakoa da komunikabideek iritzia
sortzeko orduan daukaten ahalmen erabakigarria eta hau guztia badakigu
ia segurutzat jotzen dugun arren, badirudi honek daukan garrantziari
askotan ez diogula behar bezala erreparatzen.
Seguru gaude zuk ere, irakurle, maiz aditu eta irakurri dituzula holako
argudioak. Gehienetan, esaldi hauek euskaldun askorengan sortzen duten
eragina emozio batzuk piztean datza: amorrua, sumindura, nazka... Kexu
egoteko ziorik ez da falta. Baina oraingo honetan haratago joan nahi
dugu. Ezagutzen al ditugu benetan egunero komunikabideetan agertzen
diren iritzien muina, jatorria, helburua? Nori zuzenduta daude? Eta,
garrantzitsuena dena, ba al dakigu honi guztiari erantzun egoki bat
ematen ? Kontziente al gara benetan argudio hauetako askori darien ahultasun
dialektiko eta teorikoaz?
Kontua ez da Euskararen egoeraren "errudunen" bila joatea.
Norbaitek esan zuen hizkuntzaren egoera larria besteei, kanpokoei bakarrik
boteaz, aitzakia bat ematen diegula euskaldunei beren burua zuritzeko
eta bertan goxo egoteko. Egia esan, arrisku hori egon badago eta saihestu
beharko genuke gure kontzientzia indartuz, baina gizartean Euskararentzako
kontzientzia berri bat sortu nahi badugu, beste gauza askoren artean,
ezinbestekoa da aurkako argudio hauek guztiak taxuz aztertu eta ulertzea.
Horretarako, eta Euskararen inguruko beste gai askotarako, soziolinguistikak
tresna teoriko baliagarriak gure esku jartzen ditu. Saia gaitezen horiek
ezagutzen: azken orrialdean ikusiko duzunez, Karrikirik aurten honen
guztiaren inguruan egingo du ikastaro bat.
Gezurrak eta maltzurkeriak agerian uzteak ez ditu aurkakoak konbentzituko,
baina euskaldungotik aparte bizi direnen borondatea erakartzeko balioko
digulakoan gaude. Eta hala ez bada, gure arrazoibidea sendotuko dugu,
dudarik ez.
|