
|
Karrikan
Korrika
Han nenbilen ni lehengo egunean karrikan korrika, euskararen alde, baina
baita eguzkiaren alde ere, jotzen baitzuen aurretik, karrika hura sortaldetik
sartaldera zihoan eta. Egoera horretan egokitu nintzen lekukoa eskutan
neramala, eta, gutxitan bezala, eguzkiaren argi izpiek jo ninduten begietan,
eta inspirazio halako baten moduan, sentitu nuen, bat-batean, lekukotasun
hura bazela zerbait sakonagoa korrika 1+1 horretan parte hartzea baino.
Eta, korrikaren ibilbidearen lekukoa eskuz-esku ibiltzen den eran, jakin
ere ez dakigula hurrengo txandan nor egonen den zain, edota ibilaldia
akitu arte nork hartuko duen lekukoa gure ondoren, euskaldunberri, euskaldunzahar,
unibertsitateko irakasle, auzoko euskaltegiko ikasle, baserritarraren
D ereduko iloba, herriko apaiz, dendari ezezagun, futbolari ezagun,
Asturiesko bablearen defendatzaile gonbidatu,euskaldun kontzientziadunen...,
gisa orotako partehartzaileak baitira.
Eta, horrela, euskal komunitatearen bilakaeran, euskaraz darabilgun
bizi-komunitate honen bilakaeran, lekukotasuna berdin pasatzen da batzurengandik
besteengana. Eta hona gure betebeharra: euskal komunitatera datozen
lagun guztiei lekukoa baldintza onetan eta era egokian pasatzea. Euskara
ikasi eta euskaldun izatera hurbiltzen direnak eroso eta goxo-goxo senti
daitezen gure artean; Euskara lehendik bazekitenak, zama ez baina besteoi
eskaintzeko duten ondarea gustuz ekar diezaguten; eta hemendik urte
batzuetara gure lekukotasunaren jabe izanen direnak -eta matrikulazio
datuak ikusirik ez dira gutxi izanen-, normaltasun osoz bizi daitezen,
bidean etenik egon ez dadin.
Orain prestatu behar dugu, beraz, lagun berri horien etorrerako. Harrera
ezin hobea egin behar baitiegu. Bestek falta izan dutena, oraingoek
behar dutena, biharkoek naturaltasunez izango eta biziko dutena.
Honela pentsatzen nuen eguzkiari begira karrikan korrika nenbilelarik,
hamabi urte izango ez zituen neskato batek lekukoa eskuetatik kendu
eta bizi-bizi lasterrari ekin zionean, ni berehala atzean utziz. |