
|
Dakienak
badaki...
Halaxe hasi zen poeta behin batean, eta hark bazekien, jakin, zer esan
nahi zuen, bai eta nora joan nahi zuen ere. Hark bezala, guk ere badakigu
behar dugula jakin, nondik heldu garen eta nora goazen, non -edo zertan-
gauden jakingo badugu.
Zeren eta hitz jokoaren atzean jakingarri zenbait ezkutatzen baita;
eta jakin beharraren aurrean beste hainbat agertzen.
KARRIKIRI Soziolinguistika ikastaroa egin berri dugu hain zuzen ere,
ez dakigunari bide egiteko eta dakiguna gogoratzeko, edota baztertzeko
ere, behar denean.
Gutxi-asko, euskaldunok ez dakigu oso zehazki nora goazen, bai ordea
nora joan nahi dugun.
Baina norbere bidean gabiltza sarri askotan, auzoaren norabideari erreparatu
gabe. Guk gune hau -KARRIKIRI Elkartea- sortu dugu, guztion bideek bat
egin dezaketen gunea.
Orain, elkarren bideak ezagutzea on litzateke; bakoitzak, euskaldun
gisa, bere historia propioa duelako.
Soziolinguistika diogunean, hain juxtu ere, hizkuntzaren, Euskararen
bideen -hots, geure bideen nondik-norakoak eta bide posible guztiak
ezagutzea esan nahi dugu.
Horiek dira, gure ustez, aurrean dugun bideari ekiteko eman beharreko
lehen pausuak: geure urratsen berri jakin, eta elkarrenak ikasi, non
garen eta nora goazen jakingo badugu. Alegia, zenbat eta gehiago jakin
emandako urratsez eta eman gabekoez, hainbat eta finkiago ibiliko gara
elkarren ondoko bideetan barrena.
KARRIKIRIn zure berri jakiteko eta gurea -ikastaroko materiala...- zuri
emateko irrikan gaude. Orain badakizu. |