
|
Euskaldunon
hizkuntza komunitatea
Gizartea aztertzeko irizpide asko erabili ohi dira: adina, maila sozio-ekonomikoa,
lanbidea, generoa… Hizkuntza, ordea, edozein giza ekintza egiteko
erabiltzen dugun tresna izan arren, edo horrexegatik, hain zuzen, askotan
ahaztuta, gelditzen da hizkuntza bat ala beste erabiltzea kategoria
sozial nahikorik izanen ez balitz
bezala.
Historia, irabazleek idazten dutela maiz aipatu ohi da. Hizkuntza komunitateen
arteko harremanen historia ere, komunitate handiek idazten dutela esan
dezakegu. Agian horrexegatik, hizkuntza oso gutxitan agertzen zaigu
pertsonen eta taldeen ezaugarri garrantzitsutzat. Hizkuntza handia dutenek
hizkuntza aniztasuna ukatzen dute, nahiz eta ekologiak aldarrikatzen
duen aniztasun biologikoa inork zalantzan jarri ez.
Hizkuntza minorizatu baten hiztunok jakin badakigu, aldiz, zein ezberdina
den hizkuntza normalizatu batez edo hizkuntza minorizatu batez bizi
nahi izatea. Guretzat, bai, hizkuntza ezaugarri egokia da gizartea aztertzerakoan.
Hau da, euskaldunontzat euskaraz jakitea ezaugarri ezinbestekoa da euskal
komunitateko partaide izateko. Komunitateko zenbait partaideren jarrerak,
hizkuntza erabiltzea ala ez, horiek denak eztabaidarako baina ikerketa
gehiegirik gabe, badakigu berezko komunitatea osatzen dugula, Bloomfield
hizkuntzalari famatuak esan zuen bezala hizkuntza komunitatea hizkuntza
bera erabiltzen duen giza taldea baita.
Gure hizkuntz-komunitatearen historia ez da xamurra izan, aurrera begira
ere lan handia egin beharko dugu. Hala ere, Iruñean, Euskal Herriko
beste leku askotan bezala, euskal hiztunek KARRIKIRIn badaukagu non
elkartu eta non lan egin gure komunitatea indartzeko. |