
|
Ezetz
asmatu
Iruñean bizi garen euskaldunon erdiak ez dugu Euskara familiaren
bidez ikasi. 91ko erroldaren arabera, Euskaraz ongi mintzatzeko gaitasuna
aitortu zutenen artean (bi urtetik gorako 10.792 pertsona) 5.516k Euskara
ama hizkuntza zuten eta 5.276k Euskara bigarren hizkuntzatzat zuten,
hots, Euskara ama hizkuntza baino beranduago ikasia.
Gazte edo heldu garaian, erabaki pertsonalak bultzatuta, Euskara ikasi
dutenen motibazioa eta interesa dira Iruñeko euskal komunitatearen
altxor preziatuenetariko bat. Guztien ezaugarri amankomuna, bestalde,
euskaltegiko hormak gainditu eta bizitza arrunteko harremanetan Euskara
erabiltzeko bidea aurkitu izana dute, euskalduna izateko baldintza baita
Euskaraz bizi nahi izatea eta ahal dugun guztietan Euskaraz bizitzea.
Erraza ez dela badakigu, ordea, asko baitira, tamalez, euskaldun osoak
izatera heldu ez direnak. Orain bidean daudenak bidean geldi ez daitezen
(97-98 ikasturtean 5.947 ikasle zeuden Nafarroan, gehienak Iruñean),
euskaldunok gure kultura eta harreman guneetara hurbiltzeko bidea erraztu
behar diegu. Ikasleek, bestalde, euskalduntze prozesua euskaltegitik
kanpo bukatzen dela ikusi behar dute, inguruko hiztunengan aurkituko
baitute erabiltzeko eta gehiago ikasteko aukera, bai eta edozein hizkuntz
komunitatetako hiztunak sentitu behar duen hiztuna izatearen gogobetetzea
ere.
KARRIKIRIk euskalduntze prozesua bigundu nahi nahi du. Horretarako ari
da lanean, erabilpen esparruak zabalduz eta Euskara erabiltzeko motibazioa
elikatzen duen euskal kultura ezagutzeko bidea erraztuz. Martxan dagoen
'ezetz asmatu" lehiaketa lekuko. |