
|
Kulturaren
heldutasuna
Beti izan dira, eta gaur egun ere ez dira falta,"kulturak"
(nahasmendurik izan ez dadin "hizkuntz komunitate batek sortzen
duen produkziotzat" harturik) konparatzen dituztenak; hori bai,
normalean komunitate horren bizi-baldintzak kontuan hartu
gabe, -bai kuantitatiboki, bai eta kualitatiboki ere- guztiz desberdinak
izanik.
Hasteko eta bat kopurua. Bada ibiltzen dena produkzio kopurua alderatzen
auzokoekin, azken hauen hiztunak berrogei edo berrogeita hamar milioi
direlarik, seiehun mila eskas baizik ez garelarik gu. Aipatu beharrik
ez, nork "irabazten" duen. Hain zuzen hiztun kopuruak beti
baldintzatu baitu gure historia; bertze kokoriko joko zuen oilarrak
Ertaroan hogei milioi izan bagina. Hala ere. alde horretatik ongi gabiltza
Euskarak baitu orain historian zehar sekulan izan ez dituenak baino
hiztun sehiago. Beraz, bagoaz aitzina.
Produkzio kopurua txikiago izanik, posibilitate gutxiago daude. zerbait
nabarmena izateko, bistan da. Hala ere azken urte hauetan gero eta ageriago
gelditzen ari da, badirela produktu esportagarriak. Oroit beharra dugu
Islandiak (berrehun milako hiztun kopuruko komunitatea) baduela literatur
Nobel bat. Baina, Islandian ez bezala, gure hizkuntz komunitateak munduko
oztopo ia guziak pairatu behar ditu:
Auzokoen (eta zenbaitetan bertakoena gehitzen zaielarik) mespretxu eta
oldarteak, elebitasun basa baten ondorioz desegituraketa, alfabetatze
falta... eta hala ere hemen gaude. bizi gara, sortzen dugu... gure "txikitasunaren"
neurri guzien gainetik, handiago baina zapalduago dauden bertze herrien
harridurarako (Okzitanoak adibidez). |