
|
Hizkuntzaren
bizitza soilik?
Aspaldidanik erranik dago Euskararen bizitzaz kezkatuta egotea ez dela
soilik kezka akademiko bat, zerbait gehiago baizik... anitzez gehiago
baizik. Hizkuntza ez da gu gabe, ezin bizi da gugandik kanpo, guri loturik
da arrunt; gu hari gauden bezala, hain zuzen. Horregatik Euskararen
alde egotea euskaldunon alde izatea da.
Euskarak, hiltzen bada, ez du sufrituko, euskaldunok dugu pairatuko
eta, erran gabe doa, munduko gizateria osoak; kultura guziak baitira
Gizadiaren parte eta altxor. Ameriketako Hopi, Ketxua edo Maien alde
egin dezakegun hoberena gureari eustea da, tink eta fermuki, etsaia
bera baita: kultur aniztasunaren zapaltzailea, hemen eta nonahi
Gisa honetan, emeki-emeki, sakontzen joan gaitezke gure pentsaeran,
eta bistan denez abiapuntua hizkuntzaren bizitza genuen. Bide honetan
dugu aspaldidanik abiaturik J.M. Sánchez Carrión “Txepetx”,
eta orain arte baldin bagenuen hizkuntzaren bizitzari buruzko bere lanak
ezagutuen, orain, Jon Sarasuaren bitartez (Bizitzaren hizkuntzaz), heldu
zaigu bizitzaren hizkuntzara eman duen jauziaren berri. Jauzi interesgarria
benetan. Bai batean (hizkuntzaren bizitzan), nola bertzean (bizitzaren
hizkuntzan) Txepetxen ekarpena gaitza da, eta ezagutu beharreko delakoan
gaude. KARRIKIRIn ez dugu liburuak gomendatzeko ohiturarik, baina zenbaitetan
badira arrazoiak salbuespenak egiteko. Merezi baitu, hauxe bat. |