 
|
Oinez
egunero
Urtero bezala heldu da, berriz ere, Nafarroa Oinez; aurten Tafallan
bertako ikastolaren alde. Berriz ere jende andana bilduko da Euskal
Herri osotik etorria. Harrigarria suertatzen da halako mobilizazio gaitza,
gisa horretarako helburu batekin; eta urtero da gertatzen, mintzoak
normalizazio-plan baten eskasiaren seinale.
Egia erranik toki gutxitan ikusten ahal dira halako festa-behar-nahiak
bultzaturiko bilguneak, eguneroko zatiketen gainetik, eta harrigarriak
dira arrunt. Beraz han izanen da KARRIKIRI gure sostengu eta hatsa eman
beharrez. Har ezazu ba, hemen beretik, gure gonbidapena bertara joateko,
edota zure laguntza emateko.
Diruaren aldetik tamalgarria da hola ibiltzea ikastetxe bat mantentzeko
eta irauteko; baina bertze aldetik pozgarriak dirá gisa honetako
festak, bakarrik ez gaudela sentitzeko, indarra hartuz eguneroko jarduerara
itzultzeko.
Arestian aipatu "eguneroko" hitza da, hala ere, ahaztu behar
ez dena. Euskaraz bizi nahi izateak eguneroko jarduera eskatzen baitigu,
batzuetan gutxi, bertzetan gehiago; beti ere mota desberdinetakoa, garaian
garaikoa. Eta hauxe da KARRIKIRIn dugun erronka: Euskararen aldeko festa
handiak bai, baina eguneroko lanak ere bai. Ahaztu gabe Herri mailan
hizkuntzak dituen gutxieneko beharrak eta eskubideak, gaur egun oraindik
umezurtz.
KARRIKIRIk ez du festa erraldoirik antolatuko, baina badu irauteko asmorik;
bere jarduera ez da arras ikusgarria izanen, baina hor egonen da egunerokoan:
lan poltsan, zerbitzuetan, informazioan... Bada gero eta jende gehiago
honen lekuko eta espero dezagun gehiago izatea etorkizunean KARRIKIRI
desagertu arte, bere helburuak bete direlako. |