
|
Errealitatetik
errebindikazioraino
Azken honetan maiz aipatu izan da gutartean Irlandako eredua, alor zenbait
direla eta. Baina hango hizkuntz ibilbidea ahantzi bidean dugulakoan
oztopo gaude.
Garai batez guzia bazen aldapa eta lege-oztopo
Gaelikoendako, kasik itotzeraino eraman zutelarik; gaur egun ez da halakorik
(hegoaldean gutxienez), halere -dakigun bezala- mintzoak malda beheran
du segitzen.
Bertze gisaz erranik eta gurera etorriz, gobernuaren aitzinean
errebindikatzen dugu administrazioa euskaldundu dezan, ongi da baina...
noren aintzinean,adibidez, errebindikatu behar da hauteskundeetan aukeratzen
ditugunak euskaldun izan daitezela?
Manifestaldiak antolatzen ditugu botereak euskal prentsa lagun dezan;
berriz ere arrunt ongi, baina norengana joko dugu kexu, delako prentsa
ez bada kasik erosten? Aspertzerainoko galde zerrenda egin dezakegu.
Oinarrian arazo bera dugu aurkitzen: errealitatea eta errebindikazioen
artean (edota ondoren) dagoen tartea. Eta tarte hori ez da fundituko
egunen batean oztopo legal guziak desagertuko balira ere, bidea erraztu
bai, baina halere egin beharrekoa.
Esparru horretan egon nahi du KARRIKIRIk, errebindikazioak ahantzi gabe
beharrezkoak baitira baina Irlandako eredua bistatik galdu gabe, ez
dezagun errepika hizkuntza alorrean bederen.
Aipatu alorrean bada lan: zerbitzuak eta informazioa-formazioa eskaintzen,
motibapena mantentzen eta pizten... funtsean ahal den guzian laguntzen
baldin eta zu ere prest bazaude laguntzeko era batean edo bertzean.
Orrialdetxo honetan emeki-emeki joanen gara azaltzen gure egitasmoak
eta ekintzak, gure nahiak eta beharrak... edo hobeki erranik ditugun
beharrak nahiak betetzeko. Azken hauek zureak ere badira, hurbil zaitez
KARRIKIRIra; lana bada eta oroit: ez du balio errebindikazioan bakarrik
gelditzea. |