Euskal agenda

Adi lagun! Agenda google calendar tresnaren bidez egin dugunez, gaztelaniaz ikusiko da Googlek euskaraz jarri arte

Agenda osoa ikusi nahi izanez gero hemen klikatu

Nabigatu euskaraz

Hizkuntza aukeratu
eta barre egin

Google Translateren bidez web gune hau beste hizkuntza batzuetara itzuli ahal izanen duzu

laguntzaileak

 

Liburuak

 

Karrikiri elkartean arreta berezia eskaini diogu beti euskal sortzaileen lanei eta hori dela eta, liburuen atalean, urtero karrikaratzen direnen aukeraketa bat aurkituko duzu; nobedadeak, hizkuntzarekin zerikusia dutenak eta euskara eta kirola gaia jorratzen duten liburu fitxa bereziak.

Dena dela, horien guztien artean zure gustukoa aurkituko ez bazenu, esaguzu zeinen bila zabiltzan eta lehenbailehen eskuratzen saiatuko gara.

Ertzeko zatiak
Jon Sarasua. Ertzeko Zatiak
Jon Sarasua bertsolaria, linguista, eta orain kronista. Hego hemisferioan  bost urte lan egiten eta bidaiatzen  pasa ondoren, bizitutako testigantza eskaini digu. Liburuan lurgabeko nekazariak, indioak, txiroak, herri xumeak dira benetako protagonistak. Ez dago errealitate osatu bat, baizik eta bizitzaren zatitxoak, bizipozaren puskak, mundua ulertzeko moduak, gure errealitatetik oso urrun dauden kulturak eta gizarteak. Agian gure gizartea hobetzeko balio lezakeen testigantza.


Gotzon Barandiaran. Errotik
1980an Espainiako gobernuak Bilboko Euskalduna ontziola birmoldatzea erabaki zuen, 246 langile ziren eta 200entzako tokia besterik ez zegoen. Langileen erantzuna tinkoa izan zen baina poliziaren eta gobernuaren portaera ere oso, oso gogorra: egunero liskarrak, atxiloketak, zaurituak…Gotzonek ahalegin polita egin du, euskal langileek jasan zuten lan birmoldaketaren lekukotasuna emateko. Langileriaren borroka ahazturik ez gelditzeko idatzita dago liburua, eta hori eskertzekoa da.

Joseba Sarrionaindia- Idazlea zu zara
Joseba Sarrionandia. Idazlea zu zara, irakurtzen duzulako
Tentazioa izan dezakegu mikro-ipuinak osaturiko liburu hau haur literatura sailetan kokatzeko, baina berdin sartu ahal dugu nerabeen, gazteen edo helduen literaturan.
Bere hizkera poetikoak, estilo atseginak eta gozoak eramango gaituzte gure barruko mundutik kanpoan dagoenari begiratzera, haurrek hain erraz ikusten duten errealitateari buruzko hausnarketa pertsonala egitera. Sarrionandiak historia guztiak, gurea ere bai, berridaztea proposatzen digu, gu ere idazleak baikara.

Kevin Heredia-Hor hago Kevin?
Kevin Heredia. Hor hago Kevin?
Nor da Kevin?. Ideiarik ez, izen horrek atzean ezkutatzen duenaren anonimotasuna ongi zainduta dago, hamaika giltzaren pean gordetako sekretua da. Kevinek aurpegia emateko gaixotasun kronikoa omen dauka, eta idazlea pertsonaia bilakatu zait. Bere izaerara hurbiltzeko irakurleok dugun bide bakarra bere lan literarioa da, eta hara non fikzioa besterik ez dudan aurkituko esku artean dudan liburu honetan.
Liburu honek lortu du irakurleen eta kritikaren onespena, eta hori ez da gezurra, egia borobila baizik!

Jauzika
Bizente Serrano Izko. Jauzika
Barrenak jaten zizkion ezin egona ahitzeko, Bizentek aforismoak idazteari ekin zion. Bi urte pasa du bere webgunean bere kezkak plazaratzen aforismoez baliatuz. Orain bildu ditu eta eskaini dizkigu bitxi zoragarri hauek. Guk ere gure hausnarketa pertsonala egiteko, idazleak iradokitzen duenaren haratago joateko. Ez da poesia baina modu berean poliki-poliki  dastatu behar dira, tantaka, eta gure buruari astindu ederra emango diogu.

Babeli Gorazarre
Patxi Baztarrika. Babeli gorazarre
Patxi Baztarrika euskalgintzan ez da heldu berria. Hizkuntzarako sailburua izan da eta bere ardura pean osatu zen “XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriei buruzko gogoeta”. Haren ustez hizkuntza Babela ez da madarikazio bat, bedeinkazioa baizik. Pentsamendu hau defendatzeko idatzi du liburua, eta gu agian ez gaude ados bere proposamenekin baina liburua oso interesgarria iruditzen zaigu, eztabaidatzeko bidea irekitzen duelako.

 


Patziku Perurena. Goizuetan bada gizon bat
Mikel Laboak bere kantarekin, XVIII. mendeko bertsoetan jasotako gertaera latza betirako txertatu zuen gure mitologian. Orain Patzikuk historia hura hartu eta aztertu du, honen inguruan dagoen informazio guztia, ñimiñoa ere, biltzen aritu da azken 25 urtetan. Gertaeraren ertz guztiak aztertu ditu, eta bidenabarrean mende horretako Euskal Herriaren txoko bateko bizi modua kontatzen digu.

Autokarabana
Autokarabana. Fermin Etxegoien
Askok bizkarrean bizitzaren motxila daramagu, hantxe amodioak, pozak, etsipenak sartzen ditugu. Nobelaren protagonistari motxila txikia geratu zaio eta autokarabana bat behar du. Batzuetan iduriko zaigu pertsona maitagarria, bestetan alproja, gorrotagarria. Pertsona guztiak bezala kontraesanez beterikoa. Istorioa ongi garatua, oso sinesgarria; konturatu gabe harrapatzen zaitu,  ahalik eta azkarren irakurri nahi duzu. Merezimendu osoz eskuratu du aurtengo kritikaren saria liburu honek.

Izan bainintzen Nafarroako errege
Izan bainintzen Nafarroako Erregea. Aingeru Epaltza
Aingeru Epaltza ez da idazle berria. Aspalditik ezaguna dugu eta bere ibilbide literario oso luzea da, Nafarroaren izaeraz anitz idatzi duen idazlea izanik. Azken boladan “Erresuma eta Fedea” izeneko trilogian murgilduta dago eta dagoeneko bere bigarren atala, “Izan bainintzen Nafarroako Erregea”, argitaratu du Elkar argitaletxearen eskutik. Lan honetan Iruñeko idazleak Vianako printzea Enrike Borboikoa, hugonoteak, Frantziako koroa… horiek guztiak ekartzen dizkigu gogora, gure historia nola izan zitekeen nobelatuz.

Kondesa esku guria
Kondesa esku-guria.
Milea Augus-Fernando Reyren itzulpena
Argitaletxe berri bat jaiotzea pozteko motiboa baldin bada, are gehiago Iruñekoa izanik. “Denonartean” da gure hiriburuan sortu berri den argitaletxe berri hau, eta agur gisa, Milena Augusen “Kondesa esku-guria” itzulpena plazaratu du. Genoako idazle honek ilusioa eta desilusioaren bidetik eramaten gaitu, ilusioa bizitzaren motorra, ilusioa bizirik diraun gauza bakarra dela adieraziz. Milena Augusen lanak 26 hizkuntzatara itzulita daude, eta hau, bere laugarren eleberria, Fernando Reyk euskaratu du.
De rerum natura 3
De Rerum Natura 3. Patxi Huarte
Egunero Berria jasotzen dudanean atzeko orrietatik hasten naiz irakurtzen, bilatzen dut Zaldi Eroaren komiki-tira, niretzat modu egokiena egunari hasiera emateko, irri batekin. Nire buruari galdetzen diot gaur zer pertsonaiak hartuko duen protagonismoa. Napoleon (Patxi Lopez), ala Braveheat ( Ibarretxe), Gizon jakintsua eta M´ongolori apika, The organization ote…? Ziur nago denok disfrutatzen dugula Patxi Huarteren marrazkiekin. Ba duela gutxi “De Retrum Natura 3” argitaratu da, bere azken komiki bilduma, eta aurreko biekin bezala geure buruaz, politikarien ergelkerietaz, gaurkotasunez…trufatzen da, eta hori oso osasungarria da.<

Nasreddin
Nasreddin
. Pablo Sastre
Nasreddin Anatolian bizi omen zen, XII. eta XV. mendeen artean. Esan dezakegu gure Peru edo Pernando Amezketarraren parekoa dela. Pertsona baino garrantzitsuagoak dira jasotako historia barregarriak, kontatutako txisteak eta pasadizoak, adarra jotzea... Bizitzeko modu bitxi hura Pablo Sastre idazleak ekarri du gurera eta Josemi Goyenagak egindako marrazkiekin osatu du liburua. Ezin dut esan haur literatura edo publiko zabalenentzat denik, baina ziurtatu ahal dizuet oso entretenigarria dela, eta barre egingo duzuela.  


Azken boladan euskal literaturan joera berria indartzen ari da, alegia argitalpen interesgarrien guztiak Durangoko azokarako atera beharrean, batzuek apirilaren 23an ospatzen den liburuaren egunean argia ikusten dute. Hemen duzue hiru proposamen. “Galerna” Iratxe Esnaolaren lehenengo lana da eta horrekin Agustin Zubikarai saria irabazi zuen. Enbata badator eta lau pertsonaiek bizi duten galernak eztanda egiten du.   Eider Rodrigezek, berriz, XI. Igartza saria eskuratu zuen, “Katu jendea”, zazpi istorio biltzen dituen bere hirugarren liburuarekin. Bukatzeko, “Ospitalekoak” nobelarekin hurbiltzen zaigu Euskal literaturatik aspaldian urrundua zen Mikel Antza. “Ez da harritzekoa espetxeek lantegi eskola, kaserna eta ospitaleen antza izatea”. Hau da  Mikelek egiten digun gonbitea.


IKAS Iparraldeko argitaletxeak gustukoa omen du otsoa, zeren eta bere azken hiru titulu berrietan otsoa baita protagonista. Estatu frantziarreko literaturatik asmo pedagogikoz idatzita hartutako ipuinak dira. IKASek, ohi bezala, liburuen itxura zaindu du, irudiak oso, oso politak dira, eta itzultzaileek Jean Louis Davant euskaltzainaren laguntza izan dute testuaren kalitatea zaintzeko. “AMI-AMI”, “Harri eltzekaria” eta “Axuri bihurria”; hiru ipuin gure barnean ditugun izuak deuseztatzeko, gure seme-alabekin gozatzeko eta amets gozoak izateko.


Hitanoa mintza hadi, lagun!. Ritxi Lizartza
Euskaldun askoren kezka da hitanoren galera, hiltzeko zorian omen dago. Kezka horri erantzun nahian, hika egiten ikasteko eskuliburu hau idatzi du Ritxi Lizartzak. Liburu honek Euskaltzaindiak araututako eta emandako gomendioei jarraitzen die. Metodo honekin batera ariketa eta galdera guztien erantzunen liburuxka eta audioa eta bideoa, DVDa, datoz.
Orain ez dago aitzakiarik, metodo honekin hitano denokikasi eta ezagut baitezakegu.


Bertsolaritza oso indarturik dago, azken urteetan euskal jendeak antolatutako txapelketei emandako erantzuna besterik ez dugu ikusi behar. Baina bertso sorkuntza ez da txapelketetara mugatzen, musikarekin moldatu dira bertsoak, mahai jokoa, DVDak, aldizkariak, liburuak... Lanku (Bertso zerbitzuak) komertzializatzen ditu produktu hauek, “Gu eta Gutarrak” CDa, “Hitzen Lapurra” ipuina, Txapelketen DVDak, “Mainontzi” mahai jokoa… eta KARRIKIRI EUSKAL DENDAn aurki ditzakezu.


Jantzi beltz bi. Josu Penades
Josu Penades Bermeon jaio zen, 1962an. Orain Iruñerrian bizi da eta bertan lan egiten du. Agian gure artean ez da oso ezaguna baina dagoeneko, saiakera, eleberria eta kontakizunak jorratu ditu. “Jantzi bi beltz” du izena bere azken lanak. Narrazio honetan, hil zorian dagoen ama baten eta alaba drogazalearen arteko komunikaziorik eza eta beren arteko harreman korapila­tsuak azal­tzen dira, bai eta amak nola bilatzen duen alabarekiko komunikazioa eta dion maitasuna ere. Historia gordina baina tragedian erori gabe idatzia, errez irakurtzen da. Ez zara damuko irakurtzen baduzu.


Hiru otso
. Ikas argitaletxea
Iparraldeko Ikas argitaletxeak, euskal pedagogia zerbi­tzuak, Uztaritzen du egoi­tza. Duela gutxi “Hiru otso” izeneko trilogia argitaratu du:
Hiru xerri ttipiak.
Otsoa, axeria, eta ahuntzak.
Otso gosetua.
Hiru ipuin hiru liburutan, eta haiekin batera CD bat, hiru ipuinak entzuteko.
Trilogia honek balio pedagogiko handia dauka eta horrez gain iparraldeko euskaraz moldatuta dago. Gure seme-alabak otsoaren mundu magikoan murgiltzeko eta amets politak egiteko.


Londres Kartoizkoa da.
Unai Elorriaga
Joan den urtean “Londres kartoizkoa da” Unai Elorriagaren azken lanak argia ikusi zuen. Historia geografia zehatzetik at gertatzen da, ez dakigu zein herritan, baina badakigu per­tsonaiak diktaduratik atera berriak bizi direla, eta haiekin batera, diktaduraren ondorioak eta oroitzapenak, torturak, desagerpenak, burugabeko legeak, beldurra , traizioak… eta diktaduren paranoia. Liburuan azaltzen diren pasarte asko oso hurbilekoak egingo zaizkigu.


Haur literatura.
Kalandraka eta Pamiela argitaletxeak
Kalandraka Galiziako argitaletxeak arreta berezia eskaintzen dio haur literaturari eta azken urteetan katalogo luzea osatu du. 2007an Iruñeko Pamiela argitaletxea hasi zen Kalandrakaren haur-liburuak argitaratzen. Dagoeneko hamar dira kaleratutakoak, baina oraingoan pasa den urtean soilik argitaratutakoak aipatuko ditugu: “Amets handi bat”, “Txerritxo” eta “Zirkua amets”. Eta zer aurkituko dugu ipuin hauetan? Bada, marrazki ezin politagoak eta historia zoragarriak. Baietz gure seme-alabek amets goxo izango dutela!