
|
Euskara eta
biok
Ez dakit xuxen zergatik hasi nintzen euskara ikasten, hots, zein izan
zen garai hartan (hamalau-mabost urteetan) nire barnean izeki zen suaren
pizgarria. Beharbada frankismoaren azken sasoian somatzen zen askatasun
giroak eraman ninduen euskara ikastera, baina uste dut hori bakarra ez
zela aski izan ni holako abenturan sartzeko. Iruditzen zait nire deiturak
eta inguruan etengabe aditzen nituen herriko hainbat aurkintzaren izen
ilun eta enigmatiko haiek ere erabakigarri suertatu zirela euskara ikasten
has nendin: Anzandieta, Aliaga, Ardui, Lakilazabal, Mantxin-txurreta,
Mugazuria, Rusiana, Turtun-bera, Zapaiz, Zonbolozoko eta beste ziren
etxean, familian, txitean-pitean entzuten nituen toponimoetako batzuk,
izendatzen zituzten aurkintzak Uxueko gure etxearen aitzinean edo hurbil
zeudelako, edo bertan ardantze zaharren bat, soro utzitako alorren bat
genuelako. Honetaz landara, pentsatzen dut orain, nerabezaroak berekin
ekarri ohi duen izaeraren gainazpikatze eta hankazgoratzeak ere zerikusia
izan zukeen nire euskaltzaletze hartan.
Trantsizio garaian euskara-irakasle behar handia egon zen bat-batean,
diktadorea hiltzearekin ordura arte debekaturik zeuden gauza anitz, goizetik
arratsera, baimendurik gelditu zirelako, euskararen irakaskuntza, erraterako.
Irakasle asko behar ziren eskaera izugarriari aurre egiteko, baina gutxi
ziren eskolak emateko moduan zirenak. Horregatik, Arturo Campionen (Arturo
Kanpion zen orduan) ikasten hasi eta hurrengo urtean irakasteari
lotu behar izan nintzaion, euskara nahi eta behar baino aise okerrago
nekiela eta hizkuntzak irakasteko metodoez, glotodidaktikaz, deus ere
ez nekiela. Interes handia bai, gogo ikaragarria, baina eskolak nola eman
behar ziren ideia zipitzik ere ez nuen!
Euskarazaintzako Oña-tibia jaunaren Método radiofónico
izena zuen liburuarekin hasi nintzen euskara ikasten salestarrek
Iruñeko ikastetxeko sotoan zuten urte haietako “gaztetxe”
deskafeinatuan, eta gero, Kanpionen, Patxi Altunaren Euskera hire laguna
baino gehiago Imanol Berriatuaren Euskalduntzen ibili genuen.
Garai hartantsu, bestalde, J. M. Iriondok astean behin telebistan aurkezten
zuen ordu erdiko euskarazko saioa zirkinik egin gabe segitzen nuen etxean,
urrea balitz bezala.
Geroztik beti euskara ikasten ibili naiz, modu batera edo bestera; hasiera-hasieratik
gauzak kontatzeko gai nintzen, baina etxeko euskaldunek ohi duten adierazkortasun
eta erraztasun hori eskas nuen. Literatura lanak irakurtzeari ekin nion:
lehenbizi Saizarbitoria, Etxaide, Txomin Agirre, Haranburu-Altuna eta
Txillardegiren eleberriekin eta Mitxelenaren idazki trinkoekin egin nuen
talka, eta literatura klasikoarekin ondoren, Bernat Etxepare lizun-debotarekin
eta Axular mihizaluarekin hastean, Oihenart bihurriarekin geroxeago, Elkanoko
Lizarraga xume itxurakoarekin berantago. Euskaraz ahal nuen guztietan
hitz egiten nuen, euskaldun edo sasieuskaldun ziren guztiekin, helburua,
azken batean eta absolutuki, euskara amarengandik jasoa zutenen pareko
maila erdiestea baitzen, kosta ahala kosta, euskaldun oso-osoa izatea
alegia.
Urte anitz igaro dira, euskara dut orain laneko eta etxeko hizkera, eta
ahal dudan guztietan euskaraz mintzatzen jarraitzen dut. Gaztaroko sua
itzalixea dago, izarkitua segurik bai; horren truke, urteek heldutasun
pittin bat eman didate gauzak ikusteko tenorean. Oraingo nire borroka,
batez ere, hiztegiarekikoa eta esamoldeekikoa da, hots, lehen urte haietako
zekarkigun, gintzaizkion eta beste utzirik, bi sosen zentzurik
ez du ‘no tiene dos dedos de frente’, haren lanari
ez dio zorrik batere ‘no le tiene ninguna envidia al trabajo
de aquel’, ez naute deabrua baino gehiago ikusi nahi ‘no
me pueden ver ni en pintura’ eta antzekoekin ari naiz gatazkan egunotan,
gaztelaniaz hain ohiko eta egunerokoak diren horiek euskaraz ere erabili
behar baititugu barruan duguna kanporatuko badugu. Erda-raz errazkiago
eta hobeki adierazten ditut gauza asko, eta etsia nago hola izanen dela
beti; ohartzen naiz hala ere zenbait arlotan, laneko kontuetan eta, euskaraz
gauzak aisekiago erraten ditudala, segur aski arlo horiek beti euskaraz
ukitu eta landu ditudalako, eta etxean ere, hizkuntza erabiltzearen bortxaz,
franko eroso nabilela, aldian behingo behaztopatze eta hanka-sartze saihetsezinak
alde batera utzita. Hau da bada, laburbilduz, euskaldun berri saiatu baten
hizkuntza-historia ttipia.
Patxi Salaberri. Filologoa eta euskalzaina
|
Castillo
Suárez
|
Altsasun jaioa da Castillo Suarez
eta berriki “Souvenir” bere azken poesia liburua karrikaratu
du. Haren irudikoz, idatzi duen lanik borobilena da eta horren gainean
solasean aritu zaigu, baita orain arte eginiko jardunbideaz ere.
Nola hasi zinen poesia idazten? Zerk erakarri zintuen genero “zail”
honetan murgiltzera?
Egian esan, poesia irakurtzen hasi nintzen. Garai hartan Mondadori argitaletxeak
poema liburu txikiak argitaratzen hasi zen -oso merkeak zirenak- eta irakurtzen
nuen bitartean ni ere poemak idazten hasi nintzen, udako opor batzuetan,
orri solteetan eta esperimentu gisa. Iruñeko egile berriendako
lehiaketak eman zidan poeta “labela”. Niretako ez da genero
zaila, desordenatua agian, baina mundua desordenatua baita… Seguruena
nire izaerarekin lotua dago, bat-bateko gauzak gustatzen zaizkidalako,
eta ez dut neure burua ikusten nobela bat idazten. Arreta handiegia eskatuko
lidake. Poemak, ordea, nonahi eta noiznahi idatz daitezke.
Berriki “Souvenir” zure laugarren poesia liburua karrikaratu
duzu. Zergatik izenburu berezi hori?
Iruditzen zait souvenirrekin poesiarekin geratzen den fenomeno bera gertatzen
dela: jendeak ez die aparteko balioa ematen, baina, aldi berean, balio
sinboliko handiko gauzak dira. Kontsu-mo turistikoaren parafernalian,
oroigarria da alferrikako gasturik agerikoena. Turismoaren euskarri sinboliko
nagusia baita, pilan egiten den gomutaki txiki honek ezin du bere hutsalkeria
ezkutatu, baina bidaiako esperientzia ukigaitzak ukigarri bihurtzen ditu,
hein batean. Ezin da ukatu oroigarriek ukigarri egiten dituztela bidaiako
esperientzia ukigaitzak. Oroigarriaren materialtasunak ohiko denboran
eta tokian (etxean, lantokian) definitu eta kokatzen du denbora berezi-berezi
batean bizi izandako esperientzia iheskorra.
Aurretik eginiko lanekin alderatuta, eten bat egin nahi izan duzula
esan duzu. Zer aurkituko du irakurleak lan berri honetan?
Orain arte adieraziari begiratu diot. Esan nahi nuena garbi -poesiak duen
berezko “nahas-mahasa” ahaztu gabe betiere- geratzea nahi
nuen. Orain, ordea, esan nahi dudan hori nola esan nahi dudan horri begiratu
diot. Adierazpena zaindu dut bereziki eta hitzekin jolasten saiatu naiz.
Ez dakit nik esan beharko nukeen, baina orain arte idatzi dudan lanik
borobilena dela iruditzen zait. Ariketa poetiko kontzientea egiten saiatu
naiz inoiz baino gehiago.
Teknologia berriak direla eta, egunetik egunera gutxiago irakurtzen
omen da, eta euskaraz are guttiago edo. Egileak, berriz, ez dira falta
eta azkeneko urteotan horietako zenbaitek Estatu mailan emaniko sari garrantzitsuak
jaso dituzte. Nola dakusazu euskal literatura? Eta poesia?
Gauza osos onak egiten dira, baina beti irakurtzen da gutxiegi, eta beti
saltzen da gutxiegi… Hala ere, nik uste txiki izateak -eta areago,
poesia alorrean- badakartzala zenbait abantaila, eta ozeano handiaren
ordez osina dela gurea. Paregabea da irakurleekin harreman zuzena izateko
daukagun aukera.
Azken urteotan Bertsolaritzari esker eta horrekin lotutako zenbait
musika proieturi esker (“Zaharregia, txikiegia agian”, Karidadeko
Bentak, Gu eta gutarrak...) poesia jendearengana errazago heltzen ari
dela ematen du. Zer deritzozu?
Irakurketa hutsarekin jendearen arreta piztea oso zaila da. Beraz, ongi
daude jendea poesiara hurbiltzeko balio duten aldetik. Nik uste, dena
den, batzuetan ikuskizunak baleko poemak ezkutatzen dituela. Ikuskizuna
erakargarria bai, baina ez testuak ez dira apartekoak.
Zutabegilea ere bazara, bestelako proiekturen bat ba al duzu esku artean?
Egun ez dut egitasmorik esku artean. Beti esan izan dut zutabe bat poema
bat gutxiago dela. Zutabeak astero idazteak gai posibleak “kendu”
egiten dizkizula poemak egiteko, agortu egiten zaituela nolabait.
|

|
Sardiera
Sardinia Mediterraneoko uharteak 24090 km koadro eta 2.000.000
biztanle dauzka. 1948an Italiak eskualde autonomo izendatu zuen eta lau
probintziak osaturik dago.
Irla honetatik herri asko pasatu dira, feniziarrak, kartagotarrak, erromatarrak,
bizantziarrak, arabiarrak, normandiarrak…eta Aragoiko koroaren menpe
ere egon zen. Normala denez, herri bakoitzak utzi zituen bere aztarnak
eta eragina, bizitzaren arlo guztietan, kulturan, hizkuntzan, arkitekturan…
Sardinia ospetsua da mafiagatik ere.”La Cosa Nostra” delakoak
baldintzatu du uharteren bizitza, bere morroi izan dira, eta izaten omen
dira, politikari, epaile, polizia, funtzionari asko. Italiako estatuaren
barruan, itzalean dagoen sasi estatu gaiztoa da, beti prest faboreak egiteko,
baina gero ongi kobratuko ditu emandako mesedeak.
Sardiera hizkuntza erromanikoa da, askoren ustez latinetik gutxien urrundu
den hizkuntza erromanikoa. Batzuek Italieraren aldaeratzat hartzen dute
hizkuntza hau, baina asko dira italierarekiko dituen desberdintasunak.
Egun, uharteko %70ek Sardieraz hitz egiten dute, 1.600.000 lagun inguru.
Lau aldaera edo dialekto dauzka: iparraldean Logudorese, Campidanese deritzona
hegoaldean, Nourese edo Gallurse ipar-ekialdean, eta mendebaldean Arborense
edo Sassarese deiturikoa. Lau dialektoen arteko desberdintasunak nahiko
handiak dira, eta bi dira jaso dituzten eragin nabarmenenak, Italierarena
eta Katalana-rena. Uhartea historiaren isla da. Ezin dugu ahaztu zenbat
inbasio jasan dituen eta bakoitzak bere arrastoa utzi duela.
Italia osoan, hizkuntza ofizial bakarra Italiera da, eta honek eragin
txarra izan du Italiako gainerako hizkuntzentzat. Munduko II. Gerlaren
ondoren, Sardinia irlaren industrializazioarekin batera, Italiera hirietako
hizkuntza bilakatu zen, hezkuntzan ere guztiz hedatu zen eta, horren ondorioz,
Sardieraren ordezkapena zabaltzen hasi zen. Sardiera senitarte eta lagun
artean gorde da batez ere. 1992an egindako ikerketaren arabera biztanleen
%31k Italiera baino ez darabil senitartean, eta %54k batez ere Italiera
darabil lagunen artean ari direnean. Azken urteotan egoerak okerrera egin
du, gazte askok etxean jasotako ama-hizkuntza alboratzen dute, goiko hezkuntzara
heldutakoan Italiera erabiltzera pasatzen direlako.
Sardiniaren iritzi publikoa, hizkuntza koofizialtasunaren alde lerrotuta
dago, baina Italiako botere politikoak ez du aintzat hartu nahi. Bitartean
bertako agintari batzuk Sardiera hasi dira erabiltzen, bai administrazioan,
bai hezkuntzan.
Sardiera estandarra oraindik ez dute sortu.Académi Campidanesa
de sa Língua Sarda dagoen arren, ez da aski Sardieraren aldaerak
batzeko eta hizkuntza estandarra sorrarazteko.
Bestalde, “Sa Repubblica Sarda” izeneko egunkaria argitaratzen
da eta irrati eta telebista saio batzuk ere egiten ari dira. |